Albistea entzun

Estereotipoen aurkako zubia

EHUko Lehen Hezkuntzako ikasleek Euskal Herria zer den erakutsi diete Errusiako Unibertsitateko bi irakasleri. Kulturartekotasuna sustatu nahi dute bideoen bidez.
EHUko ikasleak Errusiatik iritsitako bi irakaslerekin, atzo, Gasteizen.
EHUko ikasleak Errusiatik iritsitako bi irakaslerekin, atzo, Gasteizen. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Kerman Garralda Zubimendi -

2018ko maiatzak 5 - Gasteiz

Mosku eta Gasteiz artean 3.000 kilometro pasatxo daude, eta bi mundu ezberdin direla dirudite. Egunotan, ordea, bata bestearengandik gertuago daude, Errusiako Unibertsitateko Dmitri Enigin irakaslea eta Natalia Fominikh katedraduna Euskal Herria eta bertako gizartea ezagutzen baitabiltza, EHUko Lehen Hezkuntzako lehen mailako ikasleen eskutik.

«Urtero egiten dugu kulturen arteko nahasketen bitartez estereotipoak gainditzeko proiektu bat», azaldu du Joseba Arregi EHUko irakasleak. Aurreko urteetan, Ipar Amerikako euskal koloniekin egiten zuten lan, baina aurten aldatzea erabaki dute: «Klasean prentsa ere lantzen dugu, eta jabetu ginen AthleticSpartak partidan gertatutako istiluen harira elkarren oso itxura agresiboa jaso genuela. Horregatik, Errusiako eta Euskal Herriko kulturak nahastu ditugu, elkar hobeto ezagutzeko. Kasu honetan, ingelesa ez da oztopo izan, zubia baizik».

Talde txikietan banatuta, ikasleek Euskal Herriko hainbat txotako bideoak prestatu dituzte: Bergara (Gipuzkoa), Gasteiz, Iruñea... tokian tokiko historia, kultura eta hizkuntza ohiturak jaso dituzte. Orain, Eniginek eta Fominikhek Errusiara eramango dituzte, euren ikasleei erakusteko. Helburua herrialde bat bertakoen ikuspuntutik ezagutzea da.

«Ez da lan erraza izan. Zer erakutsi eta zer ez erabakitzea kosta egin zaigu», azaldu du Mikel Garcia ikasleak. Arregik gaineratu du klasea askotarikoa dela, toki eta ideologia askotako ikasleak daudelako, eta Euskal Herria zer den erabakitzeko, buruari eragin behar izan diotela. «Proiektua ez da soilik errusiarrentzat. Ikasleek ere asko ikasi dute Euskal Herriaz».

Lehendabizi, euren buruari galdetu zioten zer zekiten Errusiari buruz. «Ezer gutxi genekien, gehienbat Sobietar Batasunaren garaiko kontuak», nabarmendu du Arregik. «Gero, kanpotik nola ikusiko gintuzten imajinatu genuen. Horretarako, nazioarteko komunikabideak eta sare sozialak aztertu genituen. Borobiltzeko, zer mezu helarazi nahi genuen hausnartu genuen», gaineratu du.

Dokumentatutako tokietako bat Hondarribia (Gipuzkoa) izan da. Izaskun Alvarez, Izaskun Molas, Jon Ander Sanchez eta Joshua Viela izan dira arduradunak. «Egonda geunden Hondarribian, baina balio izan digu ez genekizkien gauza asko ikasteko», azaldu dute. Bidaia bat egin dute herriko kaleetan, historiari eta Hondarribiak itsasoarekin duen loturari errepaso bat emanez. Hendaia (Lapurdi) ere bisitatu dute, Bidasoa ibaiak eragiten duen zatiketa administratiboa erakusteko.

Mikel Garciak eta Nekane Gonzalezek, berriz, Gasteizen inguruan egin dute lana. «Gasteiz moduko hiri txiki bat Errusian ezagunagoa egiteko balio badu, gu harro egongo gara».

Ikasleak gustura daude, eta proiektua ontzat jo dute. «Lana amaituta ikustean, bilakaera bat izan duzula ikusten duzu», nabarmendu du Molesek. Errusiara bidaiatzea gustatuko litzaieke, bertako ikasleak ezagutzeko, baina, oraingoz, ekialdetik bidalitako bideoekin konformatu beharko dute. «Ez dut uste oso bideo ezberdinak bidaliko dituztenik. Azken finean, gure adin antzekoa dute, eta gustuak ere halakoak izango dituzte», aipatu du Sanchezek. «Espero dut ez direla agertuko vodka edaten eta kalinka dantzatzen. Diren bezalakoak agertzea nahi dut», erantzun dio Gonzalezek.

Vielarentzat Errusia herrialde aproposa da estereotipoak lantzeko. «Errusiatik albiste gutxi iristen zaizkigu, eta iristen direnak txarrak izaten dira: gerrak, kontu ilunak, espioitza...». Gainera, hark jatorri ingelesa duenez, estereotipoak pairatu izan dituela dio, eta ez dela atsegina.

Itxiak eta zorrotzak

Herrialde batean bestearekiko dauden aurreiritziak ez dira horren desberdinak. «Itxiak eta zorrotzak». Eniginek eta Fominikhek gutxi ezagutzen zuten Euskal Herriaren inguruan. «Ekonomia kontuak, kontzertu ekonomikoa, esaterako; eta kirolak». Fominikhentzat lehen aldia da Euskal Herrian.

«Euskal Herrira etorri aurretik uste genuen herri bakartua zela, mendi artean galdua», aipatu du Eniginek. Pentsatzen zuten Euskal Herriak bakartzeagatik eusten ziola hizkuntza, kultura eta nortasunari. Halere, herri irekia eta lasaia topatu dutela aitortu dute. Gasteizen dute ostatua, eta kalean izaten den giroak harrituta utzi ditu. «Pintxo-poteoan izan ginen, eta jende mordoa zegoen kalean, istilurik eragin gabe lagunartean gozatzen».

Egun hauen ostean, haien pentsaera aldatu egin dela diote. «Horregatik hartu dugu parte proiektuan, ikasleen mentalitatea aldatuko duelako», azaldu du Fominikh katedradunak. Proiektuaren harrera ona ikusirik, zientzia desberdinetako materiak gurutzatzen ari dira proiektuan. «Bakoitzak bere motxila dakar, bere kultura eta jakinduriarekin. Eta ingelesean elkartu egin gara», azaldu du Fominikhek.

Eniginek aitortu du hasiera batean ikasleak ez zeudela erabat motibaturik, baina proiektuan murgildu ahala, buru-belarri dabiltzala lanean dio. «EHUko ikasleek egindako bideoak ikustean, are gogo handiagoz egingo dute lan», dio Eniginek. Ikasle guztiek dute buruan aurrez aurre ezagutuko diren eguna; komunikabide handiek sortutako estereotipoak gainditu eta herrialde bat bertatik bertara ezagutzeko eguna.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tasmaniako tigrea «berpiztu» nahi dute ingeniaritza genetikoa erabiliz

Zientzialariek Tasmaniako tigrea «berpiztu» nahi dute ingeniaritza genetikoa erabiliz

Lide Egizala Urteaga

Dunnart animaliaren «DNA editatu» nahi dute, tilazino batenera eraldatzeko. 1936an desagertu zen azken Tasmaniako tigrea.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Hiriaren identifikazio bilakatu dira erraldoiak eta buruhandiak»

Joseba Arratibel Ladron

Muñozek tradizioari eutsi nahi dio Donostiako erraldoi eta buruhandiekin, eta, hori gal ez dadin, liburu batean dena biltzea erabaki du, beste 40 urte bete ditzaten, baita konpartsak beste 25 ere.

Bi neska, puntu morean informazioa eskatzen, atzo. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Puntu eder bat orbanen artean

Enekoitz Telleria Sarriegi

Indarkeria sexistaren aurka jarritako puntu moreak oso harrera ona izan du jendearen artean. Bulebarreko artatze gunea «erreferentziazko babes espazio» bihurtu dela diote han ari direnek.

1 ©JON URBE / @FOKU

Itsasargia izan da testigu

Miren Mujika Telleria

Mendikateak baino gehiago, itsasertzak lotu zituen Zetak taldea eta entzuleak. Izan ere, taldearen kantu bakoitzak goraino bete zuen Sagueseko plaza, gau giro ederrean. Zetak taldeak ez ezik, beste zenbait musika estilok eta taldek ere girotu zuten Donostia asteartean: La Jodederak, Miau DJak eta Ainhoa Larrañagak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...