Musikak estali ditu balak

Gasteizko Luis Aranburu musika eskola Siriara bidaltzeko instrumentuak jasotzen ari da, Mugarik Gabeko Musikarien laguntzarekin. Kalean dauden haurrentzat bildu nahi dituzte.

Paco Galve Borja musika eskolako zuzendaria, bildutako instrumentuekin. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Gerra garaian ez dago musikarentzat tarte handirik Sirian. Ez da pianorik, danborrik edo tronpetarik entzuten. «Gerra hotsak eta samina entzuten dira, baina balen zarata musikarengatik ordezkatu nahi dugu», dio Paco Galve Borjak, Gasteizko Luis Aranburu musika eskolako zuzendariak.

Mugarik Gabeko Musikariak gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin, abenduaren 1a bitarte, herritarren musika tresnak jasotzen ari dira musika eskolan. Denetik jaso dute, hala nola txirulak, tronpak, tronpetak, gitarrak, akordeoiak, biolinak, balalaika bat... «Hiru piano ere jaso ditugu. Instrumentu guztiek balio dute, handi eta txikiek, zaharrek eta berriek», azaldu du Galvek. Oraingoz 35 musika tresna dituzte, baina, egitasmoak izan duen harrera ona ikusirik, ehun instrumentu jasotzea espero dute. «Lehen urtea da egitasmo honekin, baina arrakasta handia ari da izaten. Jende asko ari da etortzen, eta beste musika eskola batzuk ere batu dira».

Astelehenetik aurrera, Bilboko, Donostiako eta Iruñeko udal musika eskolak ere batuko dira. Geroago hasiko direnez instrumentuak jasotzen, epea ere geroago amaituko da: abenduaren 20an. «Euskal Herriko musika eskolen sare osora zabaldu nahi dugu egitasmoa. Ea sarea osatzen dugun 66 eskoletara iristen garen, eta denon artean ehunka instrumentu batzen ditugun».

Mugarik Gabeko Musikarien elkarteko kideek dute Siriako musikagileekin harremana. Haiek arduratuko dira instrumentuak garraiatzeaz, eta gerrak zuzenean eragin dien haurren artean zabaltzeaz. «Venezuelako esperientzian oinarrituta dago egitasmoa. Han ere, kalean zeuden haurrei bigarren eskuko instrumentuak banatu zizkieten, profesionalizatu zitezen eta irtenbide bat izan zezaten. Orain, proiektu horren emaitzak jasotzen ari dira, eta oso emaitza onak, gainera», azaldu du Galvek. «Dena galdu duten Siriako haurrei ere motibazio bat eman nahi diegu», gaineratu du musika eskolako zuzendariak.

Bizitako egoera gordinak gainditzeko eta bakea lortzeko, musika tresna oso egokia dela azpimarratu du Galvek. «Musikak sentsazioak eragiten dizkigu: bihotz taupadak areagotzen dizkigu, lasaitu egiten gaitu, arnasa bizkortu, zentzumenak piztu... Bakean hezteko tresna ona da, entzuten irakasten digulako».

Ekintza solidarioak

Siriara instrumentuak bidaltzen dituzten lehen urtea da, baina aurretik ere eginak dituzte elkartasunezko ekintzak Mugarik Gabeko Musikariekin. Iaz, esaterako, hainbat kontzertu solidario eman zituzten: «Sarrera ez zen dirutan ordaintzen, ekarpenen bidez baizik. Hala, oinarrizko produktu asko bildu genituen. Musika instrumentuena bigarren urratsa izan da».

Galvek salatu du musika ez dela behar bezala baloratzen, eta dena doan nahi izaten dela. «Jendeak kontzertuetara joan nahi du, baina, sarrera ordaindu behar bada, atzera egiten dute. Ikasi behar dugu ordaindutakoari esker musikak bizirik jarraitzen duela».

Aurten ere antolatu dituzte kontzertuak, eta ez nolanahikoak gainera. «Streaming bidez, Guatemalako, Donostiako eta Gasteizko ikasleek batera joko dute. Milaka kilometrora dauden musikariak elkarrekin ariko dira, batasunean», azaldu du.

Musikaren bitartez egindako ekintza solidario horiek —kontzertuak, lehengaien bilketa, musika instrumentuen bankuak...— musika ikasle gazteei beste errealitate batzuk erakusteko balio die, antolatzaileen esanetan. «Perspektiba handiagoa dute, eta solidarioagoak eta justuagoak izaten ikasten dute».

Urruneko musikarientzat ere oso aberasgarria da; Sirian, edozer gauza bezalaxe, gerrak dena eraman baitu aurretik. Baita kultura ere. Musikaren bidez, zauritutako eta zatitutako gizartea josi nahi dute. Aurtengo martxoan, Palmiran suntsitutako ondareen artean, musikari siriarrek kontzertu bat eman zuten, bakea eta nortasuna aldarrikatzeko.

Herrialde musulmanetako musika eta kultura arrotza da Euskal Herrian askorentzat, baina musika estilo ugari jorratzen dituzte Sirian ere: kutsu erlijiosoko obra klasiko eta tradizionaletako taldeak eta hip hop, jazz, rock edo heavy metal taldeak egon badaude Sirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.