Danbor hotsak, Parisen entzun ditzaten

Heldu den ikasturterako beste 25 irakasle postu behar dituztela aldarrikatu dute Seaskako ikasleek, gurasoek eta irakasleek Baionan. Festa giroan egin dute mobilizazioa, danborrada batekin, beren aldarrikapenaren hotsak Parisen den Hezkuntza Ministerioko arduradunek entzuteko gisan.
Hitza betetzeko eta baliabideak bermatzeko eskatu zieten milaka lagunek hezkuntza arduradunei atzoko protestan.
Hitza betetzeko eta baliabideak bermatzeko eskatu zieten milaka lagunek hezkuntza arduradunei atzoko protestan. BOB EDME

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko maiatzak 5
Alerta gorrian dira Seaskako ikastolak, baina kolore anitzetako mobilizazioa antolatu zuten atzo Baionan, heldu den ikasturte hasierarako irakasle postu gehiago behar dituztela aldarrikatzeko. Donostiako Danborradaren martxan, ibilaldia egin zuten Poterne parketik herriko etxeraino. Txiki gelditu zen Askatasunaren plaza; 7.000 pertsona bildu zirela erran zuten.

Abisatua zuten: ekitaldi ikusgarria izan beharra zen atzokoa. Eta hala izan zen. Haurrak, gurasoak eta irakasleak, lerroz lerro, koloretako tixertak soinean zituztela, ikastetxeka antolatuak. Hala abiatu ziren Kasu! Ikastola Kexu! zioen pankartaren gibeletik. Manifestazio buruan Seaskako arduradunak eta euskalgintzako ordezkariak: Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, besteak beste. Mathieu Berge EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidente ohi eta Akitaniako kontseilaria ere han zen.

Etxean egindako danborrak lepotik zintzilik zituztela egin zuten martxa, harrabotsa ateraz; Bernat Etxepareko ikasleek, Donostiako martxaren hitzak aldatuta egiten zuten kantu, «kasu, kasu, ikastola kexu» ziotela. Festa giroa nabari zen, eta tonu horretan hartu zuen hitza Paxkal Indo Seaskako presidenteak plazara iritsi eta berehala: «Pauetik entzuten gaituzte?»; danbor hots ozena; «eta Bordeletik?», harrabots gehiago; «eta Paristik?», eta sekulako burrunba eta oihuak. «Irakasleak askatu!», oihuka hasi ziren Bernat Etxepareko ikasleak.

Postuen auzia

Seaskak 25 irakasle postu gehiago nahi ditu, eta hala galdegin dio Frantziako Hezkuntza Ministerioari. Lortu ezean, heldu den ikasturtean, zenbait ikastolatan 40 ikasle baino gehiagoko gelak izanen dituztela salatu zuten. Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako ikuskariak izandako jarrera deitoratu zuen Paxkal Indok. Ikasturte hasieran lizeo eta kolegioetako postuak hitzeman zizkieten, eta 4,5 postu lehen mailarako. «Ez zen aski, baina martxoan, bere hitza jan, eta zero postu izanen zirela erran ziguten». Mobilizazioa antolatzen hasita, kolpez berriz lau postu proposatu dizkiete. «Nortaz trufatzen ari da Barriere jauna?», salatu zuen.

Zenbakiak manipulatzea leporatu zion Indok akademia ikuskaritzari. Salatu zuenez, ez ditu kontuan hartu bi urteko haurrak, ez ikastola berrien beharrak, ezta irekitako sail berriak ere. «Ikasleak euskaldun eta eleaniztun ateratzea da gure misioa eta jendartearekin dugun kontratua». Hezkuntza Ministerioa eta EEPrekin orain dela hiru urte izenpetutako hitzarmena «zangopilatzea» egotzi zion Barriereri.

Bururaino joateko prest agertu zen Mirentxu Ibargarai Seaskako langile eta irakasleen ordezkaria. «Jakin dezatela ez garela 40 edo 50 ikasleko gelak onartzeko prest. Ez bada laster deus mugitzen, gure hezkuntza sistema defendatzeko prest izanen garela».

Ikastolen defentsa

«Frantziako Hezkuntza Ministerioak euskararen irakaskuntza oztopatu nahi zuelako sortu zen Seaska orain dela kasik 50 urte. Eta eskola publikoetan euskara ikasteko baldintzarik ez delako sortu dira urtez urte ikastolak, eta garatu», oroitarazi zuen Ibargaraik. «Gure zergen bidez pagatzen dugun administrazioak ez ditu gure hizkuntzaren beharrak betetzen». Irakasle postu gehiago eskatzeko mobilizazioak ikastolen ereduaren defentsa bereganatu zuen. «Gure begien aitzinean ditugu biharko mediku, arkitekto, kazetari, artista eta langile euskaldunak», nabarmendu zuen Indok. «Ikastolak dira euskararen berme».

Gatazka politikoaren konponbidean aitzinatzeko nazioarteko konferentzian egon zen Koldo Tellitu goizean, «etorkizunari begira», eta Baionara bidean Seaskako ikasleak etorkizun horretan euskaraz bizitzen ikusi zituela kontatu zuen. «Etorkizun hori egia bihur dadin, zuen oraina ziurtatu behar dugu». Azpimarratu zuen ez dutela «urtero» mobilizazioetan ibili nahi, eta, horretarako, «berandu baino lehen» berezko hezkuntza antolaketa bat behar dela Euskal Herriarentzat.

Maiatzaren 13an ospatuko dute aurtengo Herri Urrats festa Senperen, eta atzoko mobilizazioa urteroko ekitaldiaren lehen hitzordu gisa aurkeztu zuten. Hara joateko deia egin zieten ikastolak sostengatu nahi dituzten guziei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna