Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kirola Aparraren atzeko hori

Publizitatea

Kirola

Aparraren atzeko hori

Bukatu dute denboraldia, eta gertatuaz eta etorkizunaz aritu dira Olatz Aranburu Hibaikako arraunlaria, Maria Mendizabal San Juanekoa eta Nagore Claramunt Arraun Lagunak-ekoa. Ez dute «betegarri» izaten segitu nahi. (Bideoa albistearen amaieran).
Olatz Aranburu Hibaikako arraunlaria, Maria Mendizabal San Juanekoa eta Nagore Claramunt Arraun Lagunak-ekoa, atzo, BERRIAren egoitzaren aurrean.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARP

2017-09-13 / Aitor Manterola

Zientoka olatu lehertuko ziren joan den igandean Donostiako badian, beren baga handi, apar eta zuri. Han ibili ziren emakumezko arraunlariak ere, gora eta behera, ababorrera eta istriborrera, une batzuetan alderrai, olatuen mende. Balio handia eman izan zaio, halako baldintzetan arraun egiteko gai izan zirelako, eta duela hamar urte hasitako jardunari bultzada handia eman zaiola esan duenik ere bada.

Baliteke hala izatea, baina olatuaren aparraren atzean aparrik ez da ikusten, ura baino ez, eta hor dagoena inork baino hobeto ezagutzen dute arraunlariek beraiek. Benetako berdintasunaren bidean pausoak ematen ari direla aitortu dute Olatz Aranburu Hibaikako arraunlariak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1995), Maria Mendizabal San Juanekoak (Donostia, 1991) eta Nagore Claramunt Arraun Lagunak taldekoak (Donostia, 1986); baina egiteko asko dagoela ere adierazi dute.

Aranburuk gogora ekarri du gai horren inguruan zein iritzi duten taldean: «Guretzat lekurik ez dagoela iruditzen zaigu, beti gaudelako mutilen mende, haien jardunaren arabera osatzen da gurea. Probak egiteko erabili izan gaituzte askotan, gero mutilena nola aterako litzatekeen ikusteko». Claramuntek adibide zehatza jarri du: «Euskotren ligako lehen estropadan, Orion, gu mutilen atzetik jarri gintuzten, haiek baldintza hobeagoetan arraun egin zezaten, eta gu aritu ginen egoera txarrenean, eta hori telebistak aginduko zuen. Betelana egiteko nahi gaituzte». Mendizabalek geldirik ikusten du aurrerapausoen bidea zentzu batean: «Geldituta bezala gaude; aurrera egin zen, eta egin da, baina gehiago egin daiteke».

San Juaneko arraunlariak gehitu du ez dutela ezer mutilen kontra: «Antolatzaileen arduraz ari gara solasean. Aurten, gure estropada ia guztiak erlojuaren aurka jokatu ditugu, erreka zuloetan, ur gutxiekin zenbait kasutan, eta gu itsasoan arraun egiteko prestatzen gara urte osoan; udan aukera gutxi izatea penagarria da».

Aurrera begira, ideia baten bueltan aritu dira hirurak: «Agian, arraunlariok bat egin behar dugu, gure kezkak adierazi gure artean, eta proposamen zerrenda bat osatu, horrekin joateko federazioetara eta ligetara». Aranburuk jarrerari ere eman dio garrantzia: «Zerbait egin behar dela garbi daukat, eta uste dut gure eskaerak plazaratzeko moduak oso garrantzitsuak izan daitezkeela; ezin gaitezke joan garrasika, ondo hitz eginda errazago ulertuko gaituzte». Kluben beharraz ere aritu da Claramunt: «Haiek ere elkartu beharko lukete, eta joan behar den lekura joan gure aldarrikapenekin».

Aldarrikapenari indarra emateko moduko lana egin zuten aurreko igandean, beren lanari ikusgarritasuna gehitu ziotelako, itsasoaren eta eguraldiaren baldintzak halakoak zirelako. Denboraldiari amaiera emateko estropada izan zen, eta, emaitzaren ikuspegitik, gozo ibili ziren Mendizabal eta Claramunt, beren helburuak beteta; aldiz, gazitik dastatu behar izan zuen Aranburuk.

«Berriz ere bigarren izan gara, eta etsipen puntuarekin geratu gara. Batez ere, lehen igandean aurrena eginda sekulako itxaropena genuelako bandera lehen aldiz irabazteko. Baina, orain ere, San Juan sartu zaigu aurretik». Eta San Juanen arraunean Mendizabal. Ez zaio berehalakoan ahaztuko igandekoa: «Aurreneko aldiz irabazi dut Kontxa, eta ametsa bete dut. Hiru urte daramat arraunean, eta lorpenik handiena da hau».

Claramunt ere pozik dago: «Berezia izan da Kontxa hau guretzat, aldarrikapena izan delako. Min handia eman digu Donostiako Udalaren jarrerak , erabaki zuenean Donostiarra izango zela Kontxan hiriko trainerua. Eskatu genion antolatzeko kanporaketa estropada haien eta gure artean, lehen egiten zen bezala gizonezkoetan, baina ez dugu erantzunik jaso». Amorrazio puntu horrekin lehiatu dira, eta helburua bete dute: «Sailkatze estropadan aritzera behartu gintuen udalak, eta gure lanari esker sailkatu ginen, eta, era berean, gure ahaleginari esker sartu ginen bigarren igandeko ohorezko txandan, eta baita laugarren egin ere azken sailkapenean. Oso pozik gaude horrekin guztiarekin».

Igandeko emozioa

Igandekoak utzi zituen irudi beldurgarri batzuk, eta arriskuan izan ziren Arraun Lagunak eta San Juan. Mendizabalek kontatu du noiz eta nola izan zen: «Orio harrapatu egin genuenez ziabogan, elkarren ia ondoan hasi ginen bigarren luzean. Halako batean, olatu handi batean abiada bizian Orio gure gainera etortzen ikusi nuen albotik, trainerua gobernatu ezinda. Behetik gora ikusi nituen, haiek goian eta gu azpian, eta eguneko une txarrena hori izan zen. Erditik ebakiko gintuzten jo izan bagintuzte, baina eskerrak gure trainerua ere beste alderantz joan zitzaigun».

Claramunt ere izutu zen estropada hasi aurretik, beroketan: «Ia-ia joan ginen Santa Klara uharteko haitzetara, olatua hartu eta trainerua noraezean joan zitzaigunean. Entrenatzaileak entzun nituen gelditzeko oihuka, eta orduan ikusi nituen haitzak oso gertu». Sustoak susto, adierazgarria da zer pentsatu zuten Arrauneko ontzian: «Gure kezka ez zen min hartzea, gure kezka zen ontzia hautsi eta ezingo genuela estropadan parte hartu».

Parte hartu, Euskotren ligan ere hartu du parte aurten Arraun Lagunak-ek, aurrenekoz, eta helburuetako bat bete du: «Ametsa zen sartzea, eta, Kontxan aritzearekin batera, sari handiena horixe izan da». Mendizabal ere pozik dago udarekin: «Ia dena irabazi dugu». Aranburuk beste ikuspuntu bat eman dio: «San Juan izan dugu aurretik ia beti, baina gerra eman diogu, eta pozik horregatik. Garaipen txikiak ere lortu ditugu, baina...». Beste negu gogor baterako atseden hartuko dute orain hirurek: «Oso gogorra izaten da, baina gaude jendeak ez dakiela horren berri».

Bideoa: Emakumezkoen arraunari buruzko mahai ingurua (Lara Madinabeitia / BerriaTB)

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak