Ikusten gelditu behar

Ziurrenik, igandean Jon Larrañaga ez da izango Hondarribiako traineruan, ezta Ahizpea Peña San Juanekoan ere; estropada lehorretik ikusi beharko dute, ordezko gisa. Jokatu nahi baina jokatu ezin duenaren ikuspegia da.

Jon Larrañaga Hondarribiako arraunlari getariarra eta Ahizpea Peña San Juaneko arraunlari getariarra, atzo, jaioterrian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
<i>Getaria</i>
2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Badakit ez dudala jokatuko igandeko estropada», esan du Jon Larrañagak (Getaria, Gipuzkoa, 1979), etsipen doinuarekin. «Nik ere, ia seguru, kanpotik ikusi beharko dut», gehitu du Ahizpea Peñak (Getaria, 1993), nahi eta ezinaren aldartearekin. Ordezko izan ziren biak Kontxako Banderako lehen igandean, eta estropada erabakiko den lehian ere egoera berean egongo dira ziurrenik.

Ez dute ezkutatu desatsegina dela kanpoan geratzea: «Edozein estropadetan izaten da gogorra, eta Kontxan, zer esanik ez». Azken batean, estropadarik desiratuena da arraunlarientzat, eta girorik bereziena bertan sortzen da. Taldekideak uretara doazenean, Donostiako arranplan behera, beraiek gora joan beharko dute: «Lagundu egingo diegu uretaraino, beti egoten delako zer egin, eta, ondoren, ospa egingo dugu arranplatik». Entrenamendua egitea tokatuko zaie, korrika edo ergometroan, eta, ondoren, klubeko autobusean sartuko dira, telebistaz estropada ikusteko: «Ezkutatzearen parekoa izaten da hori», azaldu du Peñak; «Momentu txarrena», gehitu du Larrañagak, «urduritasun betean egoten garelako, isil-isilik, lagundu nahi eta ezin horretan».

Bi arraunlariek daukate gertu bandera, beraien taldeak baitaude hurbilen lehen igandeko garaileetatik: San Juanek 2,66 segundo jan behar dizkio Hibaikari, eta Hondarribiak 4,28 Urdaibairi. Batek daki zein izango den irabazle, baina bi getariarrak irabazlearen lekuan jarri dira une batez, galdera honen bueltan: berdin bizi eta ospatzen al du ordezkoak balizko garaipena? Erantzunak bakoitzaren araberakoak dira. Larrañagak garbi esan du ezetz: «Poztu, jakina poztuko naizela, baina ez nuke hartuko nire garaipena balitz bezala, ez dudalako arraun egin Kontxa honetan. Behintzat, sailkatze estropadan aritu izan banintz, orduan hartuko nuke nirea balitz bezala, baina horrela ez. Eta ulertzen dut beste iritzi bat ere». Hain zuzen, Peñarena da beste ikuspuntua: «Nik nirea balitz bezala hartuko dut, eta sekulako pozarekin, gainera. Azken batean, Kontxa ez da jokatzen estropadako hiru egunetan bakarrik. Entrenamenduak daude, beste estropada batzuk, nire tostan doan kideari lanak zail jarri izana postua lortzeko lehian... Lan asko dago atzean, eta horri balio handia ematen diot».

Larrañagak badu Kontxa bat irabazia, 2013koa, Hondarribiarekin, baina Peñak, ez. Esperientzia badute Donostiako eremuan arraunean, eta bizi izan dituzte estropadak igandeko balizko baldintzen antzekoetan. Ez da beste konturik asteon arraun munduan: igandeko eguraldi eta itsaso partea. Txarra dago iragarrita, oso txarra, nahiz eta baretzen ari den tarteka. Emaitzan sekulako eragina izango duela garbi daukate bi arraunlariek: «Erabakigarria izango da eguraldiaren eta itsasoaren egoera, eta edozer gerta daiteke igandean».

Larrañagak uste du Kaikuk ere baduela aukera bandera irabazteko, hamalau segundo atzetik egon arren: «Atzerapen hori ez da ezer igandeko baldintzetan. Olatu bat hartu edo ez hartu, denbora hori irabaz edo gal dezakezu». Peñak ñabardura hau jarri die baldintzei: «Emakumezkoetan ez gara hain kanpora joaten, eta itsaso zabalean ez gara ariko. Hala ere, txarra egongo da guretzat ere». Bi segundo eta erdi pasatxoko atzerapena ez dela ezer uste du: «Baldintza txarretan ez da aldea, eta nahiko garbi daukat zein izango den banderaren irabazlea: igandeko garailea».

Kaleen eragina, erabatekoa

Larrañagak badaki zer den itsaso txarrarekin Kontxan lehiatzea. Bi adibide ekarri ditu gogora: 2001ekoa eta 2011koa. «Aurrenekoan, Getariak eta Zumaiak ontzi bateratua atera genuen, eta, bigarren igandean, sekulako itsaso txarra ekarri zuen. Oso ondo moldatu ginen olatu artean». Gehiago nabarmendu du, hala ere, 2011koa: «Egundokoa izan zen hura. Galerna modukoa atera zuen lehen igandean, eta sekulako lanak izan genituen kanporanzko luzean». Balizara iristen ere lanak izango zituztela uste izateraino: «Ia hamabost minutu behar izan genituen ziabogara heltzen, atera kontuak. Han ez zegoen arraun egiterik ere».

Peñak 2012ko sailkatze estropada aipatu du: «Txarra zegoen orduan ere. Aurrekalari izan nintzen ni Getaria-Tolosaren azkeneko parte hartzean». Ikusle izan zen 2008an, emakumezkoen lehen aldian, eta orduan ere zeharo txarra zegoen sailkatze estropadan: «Handia izan zen hura. Olatu handiak zeuden, eta lehen aldiz aritu ziren emakumeak Kontxan».

Halako baldintzetan, aparteko eragina izaten dute kaleek, eta igandean ere hala izango da. Jakitun dira horretaz biak: «Mendebaldeko haize indartsua baldin badago, iragarrita dagoen bezala, lehen kalekoak jai izango du seguru», esan dute garbi asko biek. Larrañak eman dio errematea gaiari: «Horixe dauka Kontxak, eta askotan esan izan dut osteguneko txanda zozketa bera ere erabakigarria izaten dela zenbaitetan garailea erabakitzeko. Onenak ez du beti irabazten Donostian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.