Idazleak protagonista berriro

Manex Pagola, Erramun Baxok eta Patrice Rouleau autoreak omenduko ditu aurten Sarako Idazleen BiltzarrakApirilaren 21ean iraganen da 31. biltzarra, herriko kiroldegian

Idazleen Biltzarreko eragileak eta, tartean, aurten omenduko dituzten Patrice Rouleau,Manex Pagola eta Erramun Baxok. SYLVAIN SENCRISTO.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Iazkoa 30. aldia izanik biltzar berezi gisa prestatu zuten saratarrek, eta aldi honetan 31. aldiarekin, bere usaiako antolaketa berriz hartuko du Idazleen Biltzarrak. Usaian bezala, kiroldegian elkartzekoak dira idazleak. Dozenaka dira beren presentzia baieztatu diotenak biltzarra antolatzen duen Sarako turismo bulegoari. Idazleak baitira orain ere biltzarraren protagonista nagusi, nahiz eta azkenaldian argitaletxeak indartuz joan. Bide batez, labetik ateratako hainbat liburu aurkitzen ahalko dira bertan. Ipar Euskal Herriko euskal liburuen argitaletxeen kasuan Sarako Biltzarrak berrikuntzak aurkezteko urteko ekitaldi nagusietako bat baita, Durangoko Azokarekin batera. Hatsaren poesiak, adibidez, bere aurtengo uzta atera berria ekarriko du bertara. Ehun bat olerkariren lanak biltzen ditu.

Eta Maiatz eta Elkarrek hiruna liburu aurkeztuko dituzte. Elkarren kasuan Mixel Itzainari Xalbador liburua argitaratu dio. Bertsolariaren biografiaz gain, bere bertsogintzaren azterketa bat proposatzen du. Eneko Bidegainek, bere aldetik, Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria du plazaratzekoa Elkarrekin. Artetik errateko, Lehen mundu gerra Eskualduna astekarian liburua ere ekarriko du Sarara. Haren tesia da doi bat laburbildua Euskaltzaindiak argitaratua.

Euskaltzaindia, hain zuzen, ekitaldiaz baliatuko da hiru liburuaren aurkezpen ofiziala egiteko. Piarres Xarritonen Le Fondement moral des droits culturels. Kultura eskubideen oinarri etikoa, Ernest Daudeten Amodioaren Martirra eta Dolores emazte bat berthutez bethea Xabier Altzibar Aretxabaletak prestatua. Eta azkena Jean Baptiste Coyosen Zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri.

Usaian bezala, omenaldiek ere markatuko dute egunaren erritmoa. Baina usaian bi autore badituzte aukeratzen, aldi honetan hiru autore dituzte omenduko.«Hautatzea zailegia» egin zaielako, aitortu du Biltzarreko antolatzaileetako bat den Jean-Michel Garatek.

Manex Pagola (Landibarre, Baxenabarre, 1941) idazle eta kantaria dute horietako bat. Lan gutxi grabatu badu ere, haren kantu anitz ezagunak egin dira, hark berak kantaturik, baita beste hainbaten ahotan ere. Bereziki Pantxoa eta Peio lapurtarrenetan. Azken dantza hau, Eñaut Bidegorri, Urtxintxak edota Ardiak lerro lerro. Pagolak Biziaren altzotik (Euskal Erakustokiaren Adiskideak, 1988) liburuan bildu zituen kantu horietako batzuk.

Haren ibilbidea aipatzean, Zazpiribai eta Ortziken ikuskizunak ere gogoratzen dituzte biltzarraren antolatzaileek. Baita Pagolak idatzi Biba Turisma eta Euskal gudari antzerkiak eta Biziaren errotan liburua ere. Baionako Euskal Museoan ere urteak eman ditu lanean, zuzendariorde gisa. Horrekin batera, hainbat ikerketa eginak izan ditu.

Erramun Baxok (Suhuskune, Baxenabarre, 1928) dute bigarren omendua. Quebecen urteak iragan eta Euskal Herrira itzuliz geroztik, euskararen eta euskal kulturaren alde bermatu izana eskertu nahi diote biltzarrekoek. Pizkundea federazioaren baitan aritu da lehenik, eta gero Euskal Kultur Erakundeko lehendakari gisa. Hizkuntzalari, Euskaraz Bizi metodoa xutik eman zuen Ikasen bidez. Eta inkesta soziolinguistiko andana batean aditu gisa ere parte hartu du euskaltzain ohorezkoak.

Hirugarren autore sariztatua Patrick Rouleau marrazkilaria dute. Kaiku, Gros Moineau eta Moinillon pertsonaien sortzaile gisa dute omenduko.

Aipamen berezi bat ere eginen diote Jean Haritxelarri. Iazko biltzarrak omendu zuen. Eta iaz bertan, irailean zendu zen. Eta ondorioz, aurten ere biltzarrak Haritxelar «gogoan» ukanez burutzekoa duen eguna azpimarratu du Garatek.

Egunaz baliatuko dira idazleei Hendaian proposatzen zaien egonaldien aurkezteko. Hendaiako Abadia eremuko Nekatoenean zuzen, Euskal Kultur Erakundeak eta Euskal Idazleen Elkarteakantolatzen dutena. Yolanda Arrieta idazleak burutu zuen iazko egonaldia. Bere esperientziaren berri emazteaz gain, laster argitaratzekoa duen Bizenta Mogel (Azkoitia, 1782 - Abando, 1854) oinarri duen eleberriaz ere mintzatzekoa da.

Eguneko beste ekitaldi berezia saratarren esku da. Sarako 80 etxe bilduko dituen liburua prestatzen ari da herriko ondareaz arduratzen den elkartea. Dominique Duplantier marrazkilariak marraztu etxeak izanen ditu Koegui izanen dela argitaletxe. Liburua frantsesez eta euskaraz izanen da. Biltzarrean harpidetza kanpaina abiatzekoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.