Mikel Laboaren obra aitortuko du lehenengo Adarra Sariak

Iñaki Salvadorrek eta Josetxo Silguerok omenaldia egingo diote ekainaren 21ean, Donostiako ekitaldian

Txapartegi, Salvador, Silgueiro eta Bastida. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Mikel Laboa (Donostia, 1934-2008) musikariari emango diote lehen Adarra Saria. Euskal musikaren arloan garrantzi handiko ibilbidea egin duten artistak omentzeko helburuarekin, Donostiako Udalak aurten sortu du saria, eta Laboarekin estreinatzea erabaki dute. Musikariaren ibilbidea eta nortasuna sariaren helburuak «bete-betean» islatzen ditu, Udal Gobernuko Euskara eta Kultura arduradun Nerea Txapartegiren esanetan: «Gizon librea zen Laboa. Alde batetik, gazte jendeaz inguratzea gustatzen zitzaion, eta, hala, belaunaldien arteko lotura musikala uztartu zuen; eta, bestetik, euskal kultura landu zuen bai Euskal Herrian bai nazioartean». Laboa duela bost urte hil zen, eta ekainaren 15ean 80 urte beteko lituzke. Hain zuzen ere, ekainaren 21ean sarituaren omenezko ekitaldia egingo dute Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta bertan, Iñaki Salvador, Josetxo Silgueiro eta Ainara Ortega musikariek Laboaren ibilbidea gogoratuko dute, Kukai dantza taldea eta Delorean taldearekin batera. Laboaren alargun Marisol Bastidak jasoko du Marijose Rekalde artistaren brontzezko eskultura.

Laboa euskal musikaren «mitoa» da Txapartegirentzat. «Berak sortutako mundua kantu soiletik harago doa. Izaera, ahots jolastia eta sortzen zituen hitz sakonek mito bilakatu zuten bizi zenean, eta are gehiago gaur egun». Hala, musikariaren lanak XXI. mendeko euskal musikan «sustraiak, adarrak eta hostoak loratu zituen», Txapartegiren arabera. «Kimu berriak sortzen lagundu du bere musikak, ereserki bihurtzeraino. Hori guztia kontuan hartuta, Adarra Sarien ezaugarri guztiak betetzen ditu Laboak, bere hitzak ez direlako inoiz ahaztuko».

Kostatako omenaldia

Duela bost urte zendu zen Laboa, baina gertutik ezagutu zutenentzat oraindik ez da erraza bere irudiaz gogoeta egitea. Ekaineko ekitaldian bere omenezko kontzertua eskainiko du Iñaki Salvadorrek, eta ez zaio erraza egiten lagunaz hitz egitea: «Laboa joan zela bost urte dira jada, eta ordutik etengabe bere inguruan hizketan nabilen irudipena daukat. Sari honekin, Zazpi aldiz elur lanarekin... alde batetik ederra da lagunaren lana omentzeko aukera izatea, baina, bestetik, oso barneko sentipenak sorrarazten dizkit».

Laboaren musikan ikertzeko asko dago oraindik, Salvadorren hitzetan: «Aipatzen da mito hitza, eta egia esan bizitzan mito itxura hori bazuen, orain handitu egin da irudi hori. Dena den, mito azkarregi bihurtu ote dugun susmoa daukat; hor arriskua dago Laboa soilik dozena erdi abestirekin ezaguna izatea eta horretan gelditzea dena. Baina ezin dugu ahaztu Laboaren asko dela, eta oraindik sakontzeko asko dagoela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.