Ostiral Santuko Akordioa. Orduko lekukotza. IRITZIA

Stormonteko gaupasa eta biharamuna

Bertie Ahern, George Mitchell eta Tony Blair, Ostiral Santuko Akordioa sinatu zen egunean.
Bertie Ahern, George Mitchell eta Tony Blair, Ostiral Santuko Akordioa sinatu zen egunean. DAN CHUNG / EFE

Imanol Murua Uria -

2018ko apirilak 8
Jipoiak, atxiloketak, hilketak, barrikadak, leherketak, espetxea eta gatazka armatu luze eta gogorraren bestelako ondorio guztiekin bizitzen, eta sufritzen, ikasia zuten belfastarrek IRAk, aurrena, eta talde armatu loialistek, gero, su-etena lehenengoz eman zutenean. 1995eko udaberrian Belfast Mendebaldean lur hartu nuenean, hilabete gutxi batzuk baino ez zeramaten egoera berrian, ohitu gabe bezala oraindik, itxaropentsu gehienak baina mesfidati ia denak.

Itxaropena, hemen ere bagenuen. «Guretzat ere garrantzitsua da zuena ongi ateratzea», esan ohi nien lagun errepublikanoei. Irlandako Foroa eta Lizarra-Garazi urruti samar zeuden artean, eta askoz gertuago, aldiz, Ordoñezen hilketa eta haren ondoren etorri zen guztia. Baina hala ere, edo agian horregatik, Irlanda esperantza iturri zen. Han posible bada, gurean zergatik ez, pentsatzen genuen.

Baina itxaropenak ez zuen askorik iraun, hasiera hartan. Hiru hilabete lehenago iritsi nintzenean baino mesfidatiago eta ezkorrago utzi nituen belfastarrak 1995eko udan eta, handik urte erdira, 1996ko otsailean, IRAren su-etenaren bukaeraren berria iritsi zitzaigun: abisua aurrena, bonba indartsuaren leherketa gero, Londresko erdiguneko finantza guneetako batean. Bi lagun hil eta ehundik gora zauritzeaz gain, bake prozesuak hondoa jo zuela ematen zuen.

Baina ez. Handik bi urte eta gutxira, berriro Belfasten lur hartu eta, oraingoan Euskaldunon Egunkaria-ren prentsa kreditazio eta guzti, gainerako kazetari guztiak bezala zuzenean Stormonteko jauregiko atarira jo nuenean, negoziatzaileak elkarrizketen azken txanpan ziren, urteetako gatazka armatu odoltsuari bukaera emango omen zion hitzarmena ixteko ahaleginean.

Ez pentsa dena lotuta zegoenik, mundu guztiko kazetariak han bildu izana horren seinale zenik. Kontua zen elkarrizketei buruzko elkarrizketetan epe batzuk hitzartuak zituztela, epe horiek bete beharrekotzat jotzen zituztela eta akordioa lortzeko epea ostegun hartako gauerdian bukatzen zela. Gerta zitekeen akordioaren berri ematea, baina gerta zitekeen bake prozesuaren porrotaren berri ematea.

Gauerdia joan zen, eguzkia ere atera zen, bazkaltzeko ordua ere iritsi zen, eta ezer ez. Itxaronaldi ederra izan zen gertaera historikoaren zain egon beste lanik ez genuen kazetariontzat. Azkenean, epea bukatu zenetik 17 ordu joan zirenean, arratsaldeko bostak pasata zirenean, Mitchell senatari estatubatuarrak eman zuen Ostiral Santuko berri ona. Jarraian, Blair eta Ahern lehen ministroen agerraldiko azalpenak. Ondoren, alderdietako bozeramaileen adierazpenak.

Inork ez zuen dena irabazi, inor galtzaile izan ez zedin. Motzean esanda, irlandar nazionalistek lortu zuten unionistek onartzea Irlanda batuaren posibilitatea, eta unionistek lortu zuten nazionalista guztiek onartzea Erresuma Batuaren barruan segituko zutela Ipar Irlandako gehiengoak nahi zuen bitartean.

Ez dakit hemen ondo interpretatu ote genuen. Irlandakoa azaltzen eta analizatzen aritu ginenean, inoiz ez zitzaigun ahazten azpimarratzea Downing Streeteko Adierazpenean, aurrena, eta Ostiral Santuko Akordioan, gero, Erresuma Batuko Gobernuak hitzeman zuela iparrirlandarren gehiengoaren borondatea errespetatuko zuela, inoiz Irlanda batuaren alde egiten bazuen. Espainiako Gobernua urruti zegoen, eta dago, halako ezer onartzetik, eta batez ere horregatik zen bideraezina Irlandako eredua gurera eramatea.

Egia, baina neurri batean. Erresuma Batuko Gobernuak iparrirlandarren gehiengoaren borondatea errespetatuko zuela agintzea ez zen horren berria. Irlanda batuaren posibilitatea horren modu esplizituan eta arautuan aitortzea bai, baina Erresuma Batuaren jarreraren funtsean beti egon zen, beste era batera esanda, Ipar Irlandako gehiengo unionistaren borondatearen defentsa. Urte asko lehenago, 1973an Sunningdaleko Ituna sinatu zuenean Irlandako Gobernuarekin batera, modu formalean eta esplizituan onartu zuen gobernu britainiarrak iparrirlandarren erabakia errespetatu egingo zuela baita Irlanda batuaren alde eginez gero ere. Itunak porrot egin zuen azkenean. Aukera galdua izan zen, sostengatu zuten gutxi haientzat. Bideragarritasunik gabeko testu hutsa, unionistentzat nahiz errepublikanoentzat. Kontua ez baitzen testua, kontestua baizik.

1973an funtzionatu ez zuenak funtzionatu zuen 1998an. Ostiral Santuko Akordioan Irlanda baturako aukera aitortzea eta bidea arautzea gako garrantzitsua izan zen, baita Erresuma Batuko gobernuaren jarrera eraikitzailea ere. Baina mugimendu errepublikanoaren transformazio sakonaren gakoari ez genion akaso behar beste erreparatu. Richard Englishi lapurtua da argudioa (Armed struggle: the history of the IRA, 2003): 90eko hamarkadaren kontestu geopolitiko berrian (gerra hotzaren bukaera, Irlandaren eta Erresuma Batuaren arteko harreman esparru berria Europako Batasunaren barruan, Hegoafrikako bake prozesu arrakastatsua), mugimendu errepublikanoak ondorioztatu zuen gatazka armatuari eutsi ziezaiokeela luzaroan, baina gatazka luzatzearen luzatzez euren negoziaziorako ahalmena ahuldu besterik ez zela egingo. Borroka tresnak aldatzeko garaia zen, negoziaziorako indarra galtzen hasi aurretik.

Alegia, Ostiral Santuko Akordioaren ondorioz IRAk armak utzi zituela esatea baino zuzenagoa izan daiteke esatea IRAk borroka armatua alboratzea erabaki izanak ahalbidetu zuela bake prozesua (beste faktore askoren artean, jakina). Horregatik onartu (behar izan) zuen mugimendu errepublikanoak ordura arte onartezintzat zuena: irlandarren autodeterminazio eskubidea Ipar Irlandako gehiengoaren errespetuaren baldintzapean jartzea edo, garai bateko hitz gogorragoekin esanda, unionisten beto eskubidea onartzea.

Ezaguna da SDLPko Seamus Mallonen esaldia: «Ikasle mantsoentzako Sunningdale besterik ez da Ostiral Santuko Akordioa». Ez zen, noski, euskaldunoi buruz ari, 1973ko aukera galtzen utzi eta 1998koari suhartasunez heldu ziotenei buruz baizik. Baina ikasle mantsoak izan ginen, ondo mantsoak, Irlandari begirik kendu gabe hango bake prozesutik irakaspenak ateratzen saiatu ginenok. Gaupasan adi egon ginen, baina biharamunean, ez hainbeste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna