Angel Erro.
JIRA

Itzulera

2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ezberdina izaten ari da. Nabaritu dut aurten inork ez didala galdetzen oporretan non egon naizen, seguruenik ataka latzean ez paratzeagatik ni edo, batek daki, beren burua, nik galdera pozoitsua itzuli ahal diedan beldur. Horrek zinez zaildu du dagoeneko geure tradiziokotzat neukan ohitura bat berritzea: atzerri espainiarrean euskaldunak izateagatik edo euskaraz hizketan entzuteagatik jazo eta jasotako itsuskeriak itzuleran konpartitzekoa edo, bestela, atzerri atzerritarragoan, gure aberriaren berri ematean bildutako erreakzioak lagunei (bidaiako argazkiak balira bezala) erakustekoa.

Itzulera inoiz baino gogorragoa egiten ari zait. Abuztu erdiko egun batean ezagun batek bezperako nire BERRIAkoa goraipatu zidan. Grazia egin zidan leitzen ez nauelako aitorpen nahi gabekoak. Orain susmoa dut nire hobe beharrez ari zela, zurigarri bat eskaini nahian. Abuztu erdian idatzi gabeko zutabe horrekin tematzen hasi naiz. Lagun horri deitzekotan nago ea oraindik gogoan duen. Ez ninduen harrituko gure hiriek jasaten duten XXI. mendeko inbasio turistikoari buruzkoa balitz. Udako gai izarra.

Hemendik aurrera inork galdetzen badit —ez dut uste— non izan naizen, mendeku hartzen egon naizela kontatuko diot, xeheki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.