Angel Erro.
JIRA

Zisma

2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun

Beren parrokiarentzat ari dira. Edo beren barrutiarentzat. Baina maiz haiek esana hortik kanpo ateratzen da, harago zabalduta. Madrilgo artzapezpikua eta Donostiako apezpikua ez datoz bat biharko greba feministari begira.

Lehenak babestu du, Ama Birjinak ere eginen lukeelako argudio historikoarekin. Saiakera eskertzen zaion arren, nahiago nuke duela bi milurteko pertsona baten ustezko jokaeraren atzean jarriko ez balitz, baina lanbidearen ajeagatik seguruenik ezinen du bestela egin; unean uneko ideologiara hurbildu dute beti erlijioaren ikatza; Jesukristo lehen komunista izan zenik ere esan izan da. Agian Ama Birjina feminista bihurtzearen eskutik etorriko da haize berria, berez ezer ez dadin gehiegi alda.

Bigarrena, apezpiku euskalduna, eskola zaharrekoa da (eta vintage denaren xarma ezin zaio ukatu). Deabrua haizatu du, feministak diren eta feminista moduan jarduten duten emakumeak aipatzeko, sorgin hitza ahoskatzera ausartu gabe baina horretan pentsarazita. Aspaldian da pentsalariek disidentzia eta emakume libreak erreprimitzeko taktika hori, sorgin deitzearena, desaktibatu zutenetik.

Mezetara egunero doazen emakumezkoak, asko adinekoak, egun batez agertuko ez balira, orduan hasiko zen benetako zisma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.