Angel Erro.
JIRA

Holograma

2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Tarteko irtenbideak bilatzen ikasi behar. Eztabaida publikoa hasi da Iruñeko Karlos III.a hiribidearen buruan den eraikinarekin zer egin (eraitsi, frankismoaren oroigarria baita, edo gorde, ikustera ohituta eta iraganaren erakusgarri, baina funtzioz aldatuta, berrinterpretatuta). Batzuetan arkitektoa izan nahi nuke, egitasmoren bat proposatu ahal izateko. Horren ordez, goibelduratik atera nau ohartzeak, honako txoko hau dut, aurrekontu eta bideragarritasun azterketarik gabe, nire burutazio urbanistikoak plazaratzeko, prezio askoz eskuragarriagoan.

Zer eginen nukeen nik Erorien Oroigarriarekin? Eraitsi, Iruñeari hegoalderako irekiera eta begiratoki bat emanez. Baina, nire ustez, oroitzea gauza ona denez, eta baita sentiberatasun batzuk apaltzeko ere, gauetan, argi proiekzio baten bidez, ordu zehatz batean, basilika laserrezko bat berragertuko zen lautada berrian (nondik gatozen, zer jazarpenetik, ahantz ez dakigula), denbora mugatutako iraganaren agerpen espektrala osatuz, urteak igaro ahala murrizten joanen litzatekeena iraupenari dagokionez, kolorez ere aldatzen, noizean behin segundo bat ebatsiz, harik eta urteen buruan (munduan eta oroimenean diren gauza guztiekin gertatu bezala) guztiz desagertu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.