JIRA

Amaiera (I)

Angel Erro -

2018ko maiatzak 4
Nahikoa konpainia badaezpadako eta ez gogoangarrian bagaude ere, gutako batek, notizia ematearekin batera, iragarri du beti oroituko dela norekin eta zer egiten ari zen une honetan bertan, ETAk bere amaieraren berri eman duenean (esan nahi baita, gurekin eta trebatze ikastaro baten atsedenaldian). Topa egin beharko genukeela jarraitu du, hitz batzuk esan, nolabait ospatu. Unearen garrantzia politikoaz, edo, nahiago bada, wikipediagarritasunaz, ongi jabetuta ere, deserosoa zait proposamena, nahiago nuke betiko solasekin jarraituko bagenu. Ez dut neure burua ikusten (ez taldeko beste inor) xanpain botila bat erostera gertuagoko supermerkatura lasterka joanez. Agian ezta gaizki esaka eta kontu eske hasita ere. Gutxitan esanen nuke ezaxola omenaldi gisako bat izan daitekeela.

Makinako kafe plastikoratua amaitu, eta eskolara itzuli gara. Taldean, salbuespen bakarrarekin, nagusitu den jarrera, nik ere hartu dudana, gogoetagai erabili dut minutu batzuez. Neurri batean susmoa dut amaiera hau, etorkizunik ez dakarren iraganetik etorria, hainbat amaieratan berritu eta luzatuko dela gugan, ETAren historia bera baino luzeago (eztabaida, zehar-aipamen, etsipen, amesgaiztoetan...), orduko guztiok desagertu arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna