GEURE KONTU

«Epaiketa egin da: helburua betea»

Akusazioko abokatuak Mondragoneko idazkari nagusi Arantza Laskuraini galdezka, epaiketaren lehen egunean.
Akusazioko abokatuak Mondragoneko idazkari nagusi Arantza Laskuraini galdezka, epaiketaren lehen egunean. JUANAN RUIZ / FOKU

Xabier Martin -

2018ko maiatzak 13
Akusazioko abokatuak esan du: «Epaiketa egin da: helburua betea». Ebazpena iritsi aurretik helburua betetzeak zer esan nahi duen eraman dezake Ordainduk eta Eskuratuk Mondragonen aurka jarritako auzi eske kolektiboaren arazoa bere funtsean ulertzera. Raul Tenes abokatuak Mondragonen engainuaren teoria erakusteko saioarekin abiatu zuen Bergarako epaiketa, astelehenean. Fagor Etxetresnen bazkide ohiei kalte egiteko borondatea izan zuela probatu nahi zuen, eta Arrasateko industria taldeko zuzendaritzako kideak eseri zituen lekukoen aulkian. Hiru egun geroago, ondorioen egunean, alegia, akusazioak baztertu egin zuen Mondragonen borondatea bazkideei kalte egitea izan zela, eta haren ustezko gaitasunik ezak eragindako kaltea probatzen jarri zituen indarrak, Fagor Etxetresnak kudeatzea bere ardura izan balitz bezala.

Ordurako, lekuko guztiek —Mondragon eta Fagor Etxetresnak ohiaren zuzendaritzako kideak, PwCko peritu ekonomikoak eta konkurtso administratzaileak—, birrindu egin zuten engainuaren teoria. Eta Tenes abokatuak bazekien, noski. «Bigarren aukeran» jarri zituen, beraz, indarrak: Fagor Etxetresnek erreka jo zuten, leman enpresa zuzendari negargarri batzuk izan zituelako, etengabe huts egin zuten «buru pentsalariak», haren hitzetan.

Defentsako abokatu Arantza Estefania eta Angela Rodriguez-Monsalve epailea bezala, Tenesek badaki konkurtsoaren nondik norakoak epaituak daudela, Jose Malagon Donostiako Merkataritza Arloko epaitegiko titularrak ebatzi zuelako konkurtsoak ez zuela errudunik, baina nonbaitera jo behar zuen Tenesek ondorio egunean. Kalean, prentsaren aurrean, haren benetako asmoak argituko lituzketen hitzak bota zituen: «Epaiketa egin da, nire aldetik, abokatu gisa: helburua betea».

Norbere erantzukizunak beste bati eskatzea

Defentsako abokatu Arantza Estefaniak, berriz, euforiarik gabe, baina epaiketa irabazita ikusten duenaren segurtasunarekin, «bilatu diren argazkiez» hitz egin zuen, azken egun horretan. Probatutzat jo zuen epaiketa beraren muina jotzen duen absurdo bat: beren enpresa —bazkideak jabe diren heinean— porrotera eraman zutenek Mondragoni engainatu egin dituela esatearena. Akusazioak dio borondatezko ekarpenak ez zituztela atera Mondragonek esperantzak emateko «kontakizun oso bat» eraiki zuelako. Arrasateko industria taldeak ez zituen jaulki ekarpenak, ordea, ez zituen bermatu, ez zituen kudeatu, eta ez zuen sekula esku hartu kooperatibaren kudeaketan. Hura lagundu besterik ez zuen egin, 330 milioi eurorekin; ekarpenekin zer egin, atera edo utzi, haiek pagatzeko likidezia nahikorik ote dagoen erabaki eta beste edozein aldagai, Fagor Etxetresnen barruan erabaki zuten, enpresaren independentzia eta autonomia gauzatuz, eta betiere bazkideen batzarraren oniritziz. Mondragonen ustezko kontakizun horren arrastorik ez da azaldu epaiketan.

Haatik, absurdoa handiagoa da salaketa kolektiboan derrigorrezko ekarpenak eta mailegu finantzarioak ere eskatzen direlako; hau da, lehentasun handiagoa duten hartzekodunak (9.000 daude, mila milioi euroko zorra) eskuinetik aurreratu nahi dituzte auzi jartzaileek, legearen aurka, eta jazotakoaren erantzukizuna ez duen hirugarren bati eskatuz: hartzekodun handienari.

Juridikoki ez hankarik ez bururik ez duen auzi eskea epaitegira iritsi da, ordea, prozesu zibila izaki, galbahe gutxitik pasatu behar izan duelako. Eta epaiketa bera egin izana «helburua betetzea» izan da Raul Tenes akusazioako abokatuarentzat. Zer bilatu du orduan togadunak? Defentsaren ustez, argazkiak. Besteak beste, Agustin Markaide epaiketa baten deklaratzen azaltzea hedabideetan. Mondragonen izena epaiketa bati lotzea, hari kalte egitea, hitz batean. Zertarako, ordea? Korporazioaren hamaika ekitalditan elkarretaratzeak eta manifestazioak eginez eragiten den presioak maila bat gora egin dezan; epaiketan eskatzen diren 48 milioi euroak lortzen ez badira, zerbait aterako delako agian, negoziazioa behartzen bada. Esan diezaietela hori Mondragonera atxikitako 102 kooperatibetako bazkideei, haiei ari baitzaizkie dirua eskatzen.