GEURE KONTU

Mamu beltzak zuritzen

Rodrigo Rato, asteartean, Espainiako Kongresuan.
Rodrigo Rato, asteartean, Espainiako Kongresuan. J.J. GUILLEN / EFE

Iker Aranburu -

2018ko urtarrilak 14
Mamuen astea izan da Espainiako Kongresuan. Iraganeko mamuena, esan nahi baita. Krisi ekonomikoaren arrazoiak ikertzen ari dira diputatuak, eta aste honetan egokitu zaie krisiaren atariko eta krisiaren hasierako politika ekonomikoaren gidariei entzutea. Entzutea diot, bai, zeren Espainiako Kongresuan, tradizio demokratikoko beste ganbera batzuetan ez bezala, gonbidatuen monologo luzeak izan baitira agerraldien zati handi bat. Norbere liburuaz hitz egiteko ohitura handia baita.

Iraganeko mamuak aldarte desberdinez esnatu dira lozorrotik. Harro iratzarri da Rodrigo Rato, agian epaiketek eta epaile aurreko deklarazioek ez diotelako utzi behar bezala lo egiten. Epaitegiak ez direlako konpainia elektriko baten administrazio kontseiluak, herrialde urrun bateko enbaxadak, edo NDF izenez ere ezagutzen den nazioarteko erakunde bateko zuzendariaren bulegoa.

1996tik 2004ra Ekonomia ministro izandakoa ez zen azalpenak ematera joan, baizik eta bere burua zuritzera eta beste batzuena zikintzera. Krisiaren gaizto ofizialetako bat da Rato Espainian; dagoeneko kondenatu du iritzi publikoak, bere urrezko erretiroa finantzatzeko milaka herritar engainatu omen zituelako, ez hankarik ez bururik ez zuen operazio batean. Baina ez: haserre, esan zuen Bankiaren sorrera, burtsaratzea eta nazionalizazio garestia —diru publikotik 22.000 milioi xurgatu ditu— ez zela izan bere errua. Norena orduan? Espainiako Bankuarena eta Zapateroren gobernuarena, kutxa gaixo askoren batuketa behartu zutelako. Bera fusio horren gidaria izan zela? Utzi izan baliote, Bankia salbatuko zuen. Errua, batez ere, bere kolaboratzaile bati egotzi zion, Luis de Guindos oraingo Ekonomia ministroari, kargua hartu berritan Bankiari buruzko susmo txarrak zabaldu zituelako. Banku sistemak 60.000 milioi euroren beharra zuela iragarri zuen Guindosek; milioi bat gora, milioi bat behera, asmatu egin zuen. Banku pribatuen erreskate publikoa garestia izan zela? «Hori da merkatua, adiskide!».

Halaber, Guindosi eta beste hiru ministrori leporatu zien bere aurkako konplota egitea, kartzelan buka zezan. Helburua eskura dute, hiru auzibide irekita baititu. Batean jada kondenatu dute —lau urte eta erdiko espetxe zigorra, black txartelen bidez Bankiaren ia 100.000 euro parrandetan eta bitxietan gastatzeagatik—, eta helegitearen zain dago espetxera itzuli behar ote duen jakiteko. Ikerketapean dago Bankiaren burtsaratzeagatik, eta Ogasunari ustez hainbat milioi euroko iruzurra egiteagatik.

Solbes, trenaren kontrola galdu zuena

Bost orduko deklarazioan, autokritika egiteko astirik ez zuen aurkitu Ratok. Bai, ordea, hura Ekonomia Ministerioan ordezkatu zuenak, Pedro Solbesek. Justiziaren jazarpenetik libre eta herritarren oroimenean ahaztuxe, Solbesek onartu zuen oker batzuk egin zituela 2004-2009 epean Espainiako ekonomia gidatu zuenean. Aitortu zuen gutxietsi egin zituztela 2009ko eta 2010eko atzeraldiak, eta ez zutela ezer egin etxebizitzaren inguruko burbuila ez lehertzeko. Baina, Ratok baino dotoreago bada ere, ardurak uxatzen saiatu zen Solbes ere. Bere agintaldiaren akats nagusietako bat «ausardia» falta izan zen, okertzat jotzen zituen zenbait neurri ekonomiko ez geratu izana. Esaterako, haur jaio berrien gurasoei emandako 2.500 euroko laguntza, 400 euroko zerga kenkaria, E planarekin ordaindutako herri lanak... Bere esku izan balitz, ministro ohiak esan zuenez, diru hori guztia gordeko zukeen, superabita handitu eta krisira kontu sanoago batzuekin iristeko. Esaldi dotore batekin laburbildu zuen Solbesek bere jarduna: «Onartzen dut krisian dudan erantzukizuna: bizkortzen ari zen tren bat hartu nuen, eta are gehiago bizkortu zitzaidan. Mantsotzeko astia genuela uste genuen, baina trenbiderik gabe geratu ginen».

Gatz eta autokritika dosi txikiagoak izan zituen Elena Salgadoren agerraldiak (2009-2011). Behin bere jarduna zuritzen hasita, Greziaren eta Irlandaren arazoei egotzi zien krisia okertu izana.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna