Angel Erro.
JIRA

Itzuli naiz

2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun

Italiako komedia baten izena da, Sono tornato, eta polemika pizten ari da. Bestela ez ginateke hemen haren existentziaz hain azkar enteratuko. Filmak planteatzen duen egoera da zer gertatuko litzatekeen Benito Mussolini gaurko Italiara itzuliko balitz. Kritika egin nahi dio herrialdearen iraganaren gaineko memoria faltari eta hedabideek pertsonaia arriskutsuak gailurreraino eramateko duten ahalmenari. Filmean alzheimerrak jotako emakume zahar bat omen da faxismo garaiko lege arrazistak, deportazioak, errepresioa gogoan dituen bakarra.

Berehala etorri zait burura Timur Vermesen Er ist wieder da eleberria, eta egiaztatu dut harreman zuzena dutela, zuzendari italiarrak adierazi bezala, Hitlerren itzulera irudikatzen duen liburu eta ondorengo filmaren egokitzapena baino ez delako. Bi obretan, inork ezagutzen ez dituen Hitlerrek zein Mussolinik izar mediatikoak izaten amaitzen dute; bietan, horrek ematen dien ospeak uzten ditu hauteskundeetara aurkeztearen ateetan.

Er ist weider da eta Sono tornato filmei falta zaien trilogiako azkenaren hizkuntzak, nire ustez, zein izan beharko lukeen erraza da asmatzen. Izenburuarekin dut zalantza, ez ote lukeen Ez dut itzuli behar izan ere izan beharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.