Angel Erro.
JIRA

Gurpila

2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Gurpila biraka hasi da. Fiskaltzak ikertzeko eskatu du Andoaingo Ongietorria. Zigortasunaren harlauzak pisuago eginen du ekitaldiaz mintzatzea lerrokatzen ari zarelako irudipena eman gabe; pisuago, hemen seinalatu nahi nituen bi kontraesanak hona ekartzea.

Horrelako ongietorriak defendatzeko orduan (ez auzitegietan, inork itsusten dituenean baizik), iritsi zaizkidanen artean, ohiko argudioa izaten da ezin zaiela dena delako presoaren senide eta adiskideei pozteko eta harrera egiteko eskubidea ukatu. Eta egia da, horretan ados nago, baina harrera herriko plaza edo kaleetan egiten zaien neurrian dimentsio publiko eta beraz politikoa hartzen du. Horrekin ere arazorik ez, denok dugu kalean nahi duguna aldarrikatzeko eskubidea (ma non troppo, fiskaltza kontu eske datorren arte, egia esan), lagunartekotzat saldu beharrik gabe.

Aurkitzen dudan bigarren kontraesana, suposatzen dut (dagokionak) nolabait kudeatzeko beharrekoa: aitortza publiko horiek ez datoz bat ezker abertzaleko arduradunek eta zale gehien-gehienek publikoki defendatzen duten jarrerarekin, oso galduta ez banago, borroka armatua (aldebakartasunetik) atzean uzteko apustuarekin. Nahiago nuke auzitegi batean egin beharko ez balute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.