Angel Erro.
JIRA

Ankerrena

2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Literaturak gaizki tratatutako hilabetea dugu apirila, XX. mendetik aurrera bereziki. T. S. Eliotek apirila hilik ankerrena dela esan eta haren autoritatearen eraginez ia ez dago apirila aipatu eta epitetoa gehitzen ez dion kultura ertaineko gizakirik. Apirilak ez ditu lau egun, eta dagoeneko hiruzpalau alditan entzun edo irakurri dut akusazioa, errepikapenak (ohiturak) sortu ohi duen gezurtatzeko gogoa nigan ernaraziz.

Egunotan inguruari begira (egunkariak ireki aurretik) eta giroa leuntzen hasita dago, kalera irteteko gogoa handitzen duena, proiektu berriei ekiteko ameskeria pizten didana, grinak gogoratu gabeko indarraz itzularazten dituena. Lorategi bateraino joan naiz, etxetik irten, amets egin eta (legaltasunaren barruan) grinatzeko, Elioten The Waste Land poema liburua eskuan daramadala (aspaldian euskaratu zuen Joseba Sarrionandiak, baina beste bertsio bat da nirea).

Berehala ikusi dut Eliotek arrazoia duela. Apirilaren ankertasuna naturaren berpizteak (denbora ziklikoa) ernarazitako desira gu izatekoak garen ongarriaz, gure hilezkortasunaz (denbora lineala) elikatzean datza. Egia urtetik urtera begien bistakoagoa. Hotzak hartuta, etxera itzuli naiz ametsak mehatxu, grinak xangrin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.