Angel Erro.
JIRA

Berdintasuna

2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Guztion etorkizunaren alde berdintasunean. Horixe behar du ekainaren 2rako deitu duten Nafarroako hizkuntz politikaren kontrako manifestazioaren leloa, nik euskaratua. Nor egon daiteke eslogan horren kontra? Ez ninduen harrituko manifestu osoa irakurtzen hasi eta horrelako pernandokeriaz josita balego goitik behera, ia ni bertan parte hartzera bultzatzeraino.

Ameskerian antolakuntza batzordea irudikatzeari ekin diot. Uneren batean ohartuko dira ekitaldian euskarazko zerbait sartu ezean haien gibelasmoa nabarmenegi geldituko dela eta, batzuek gogor egin arren, azkenean pankarta ele bitan idaztea hobetsiko dute. Deialdian bertan adierazi bezala, excusatio non petita (aitzakia ez txikia), euskarafoboak ez direla frogatze aldera. Nafarroako banderaren aldeko manifestazioan batek euskal kanta bat abestean gertatutakoa errepika ez dadin, batzuek uste dute «arratsalde on» esatera mugatu beharko luketela, baina, arrazoi estetikoengatik, haiek funtsean ETBko aurkezleak baino euskaltzaleagoak direla erakuste aldera, guzti-guztia ele biz eginen da, eta lehen lerroetako postuak (portzentaje esanahitsu bat) euskararen ezagutza froga dezakeen jendearentzat gordeko lukete, berdintasunean, oposizioen bidez hautatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.