Arnaitz Lasarte.
GEURE KONTU

Behiak jezteko moduari begira

2015eko irailaren 13a
00:00
Entzun
Aste honetan Kaikuk Km 0 deitutako kanpaina abiarazi du komunikabideetan. Gauzak egiteko modu bat eros ezazu da iragarkiaren lelo nagusia. Xabier Euzkitzek bertan dioenez, hemengo produktuak erostean ez du soilik marka bat erosten, «gauzak egiteko modu bat baizik». Kontua da ziurrenik gero eta kontsumitzaile gutxiago direla egiteko modu horri begiratzen diotenak. Horren erakusle Kaiku kooperatibako koordinatzaile Alex Garmendiak egunkari honetan joan den astean kaleratutako kezka: «Gaur egun, esnea eskaintzetan sartzen dute saltokietan. Jendeak prezioari begiratzen dio, kalitateari baino gehiago».

Alegia, kontsumitzaile asko esnea edozein preziotan erosteko prest dagoela —eta ez esnea bakarrik—. Neurri batean logikoa da gainera, bizimodua garestitu arren, soldatak gora egiten ez duten garai honetan —soldata izanez gero hori—. Beraz, kontsumitzaileak dira esne ekoizleen egoeraren erantzule, esne tetrabrikarengatik 50 zentimo baino gutxiago ordaintzen dutelako? Bai eta ez. Noski, kontsumitzaile bakoitzak bere alea jar dezake baserritarren egoera konpontzeko. Betiere pagatzen duen estra hori baserritarren kutxara iristen bada, eta ez haietaz baliatzen den bitartekari saldo baten patrikara.

Baina arazoak hori baino sakonagoa dirudi. Ez, kontsumitzaileen konpromisoarekin soilik konpontzeko modukoa behintzat. Astelehenean Bruselatik iritsitako irudiak ikusi besterik ez dago. Milaka abeltzain bildu ziren Europako Batzordearen egoitzaren aurrean, euren traktore eta guzti. Barrualdean, EBko ordezkariak Nekazaritza ministroei sektorearen inguruko neurriak aurkezten ari ziren bitartean, protesta jendetsua egin zuten kanpoaldean. Lastoa sutan, eta baserritarrak sutan. Ekoizle txiki zein handiak daude haserre Bruselak sektorearen inguruan hartutako bidearekin —izango da gustura dagoenik ere—. Aspaldikoa da abeltzainen kezka, baina kezka hori areagotu egin da Bruselak apirilean kuota sistema kendu zuenetik.

Ez zuten itxaropen handirik asteleheneko bilerarako, eta espero bezala, aurkeztutako neurriek ez dituzte gogobete. Hainbat sindikatuk erakundeek sektorean esku hartzeko eskatu dute, ekoizleei esne litroko ordaindu beharreko gutxieneko prezioa ezarrita. Aukera horri Bruselak zein gobernuek hasieratik egin diote muzin, elikagai baten prezioa dekretuz finkatzea Europako legediaren aurkako neurria dela argudiatuta. Sindikatuek diote borondatea izanez gero akordioak lor litezkeela sektoreko eragileen artean abeltzainei gutxieneko prezio bat emateko. Akordioek eta borondateak leku gutxi dute, ordea, Bruselak bultzatzen dituen politika liberaletan.

EBk 500 milioi euroko diru laguntzak iragarri ditu zailtasunak dituzten abeltzainentzat. «Okerren» daudenak lagunduko ditu. Antzeko laguntza bat saldu du Madrilek ere. Esnea galerekin saltzen ari direnei 300 euroko laguntza emango diete behiko. Adabakiak, sindikatuen esanetan. Madrilek abeltzainen, industriaren eta saltokien arteko akordio bat ere iragarri zuen ostegunean, gutxieneko prezio baten inguruan. Akordio hori begi onez ikusten dute abeltzainek, baina hura betetzeko berme juridikoak eskatu dituzte. Beteko ez diren akordioek ez dute ekarriko konponbiderik.

Euskal Herriko esne ekoizleek «nahiko ondo» eutsi diote egoerari. Kooperatiben eraginez, besteak beste. Baina, oraingoz eutsi die ondo. «Bizilaguna gaizki ikusita, ezin da pentsatu norbera hobeto ibiliko denik», ohartarazi du EHNEko Gari Nazabalek. Euskal Herrian inor ez dago harrotzeko moduan, baina badira dagoeneko oso larri dauden bizilagunak. Zenbakiak argiak dira; 2005etik Euskal Herriko esne ekoizleak 2.000tik milara murriztu dira. Ekoizpenari nola edo hala eutsi zaio, etxalde gero eta handiagoekin, baina Europako abeltzainen haserreak erakusten du ekoizle handiei ere estutasunak iritsi zaizkiela.

Zerbait egiteko garaia iritsi da, bestela aurki ez baita izango esnerik harekin eskaintzak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.