joxerra senar
GEURE KONTU

Garaipenak ez dezala inor itsutu

2017ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Politikan egiten dena bezain garrantzitsua da gizarteari helaraztea. Horregatik, asteon Espainiako eta Nafarroako gobernuek 2015-2019 eperako lortutako ekarpenaren akordioa gizarteratzeko orduan bi zifra jarri dira aurrez aurre: 480 milioi eta 510 milioi euro. Lehenak Nafarroako Gobernuaren lorpena nabarmendu nahi du, eta besteak, hori ezkutatu. Izan ere, 2015eko ekarpenaren behin betiko kopurua 510 milioi eurokoa da, eta UPNk berehala heldu dio iltze horri, 2010ean eurek lortutako 485 milioi euroen azpitik dagoelako. Hala ere, sektore elektrikoaren gaineko zergarengatik Nafarroak urtero Espainiari tzuli beharreko 30 milioi euroak sartu dituzte ekarpenean, eta hori gabe 480 milioi euroan geratzen da.

Zifra dantzaz harago, garaipen bat da egungo gobernuarentzat. Batetik, arazo bat konpondu delako. 2015etik hona gehiegi pagatu dio Nafarroak Espainiari, eta, horregatik, Madrilek orain 215 milioi euro itzuli beharko dizkio. Blokeoak 2019ra arte jarraitu izan balu, 600 milioi eurokoa izango litzateke faktura. Bestetik, akordioak kolokan jarri du UPNren estrategia. Nahiz eta orain Diario de Navarra ahalegindu esaten UPNren laguntzaz etorri dela akordioa, hark ez du inongo protagonismorik izan. Edo okerrago, hura oztopatzen ahalegindu da. Hiru urtez, Madrilek 2010-2014 epeko ekarpenen eguneratze indizea aplikatu nahi izan du, eta, asteon argi geratu denez, zegokiona baino gehiago erreklamatzen ari zitzaion Nafarroari. Iaz, adibidez, 613 milioi eskatu zituen, eta, bere interesen defentsan, Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak 520 milioi soilik pagatu zituen. Desadostasunen aurrean Hitzarmen Ekonomikoak hori egitea ahalbidetu arren, UPNk bat egin zuen Madrilen tesiekin, eta gatazka bilatzea egotzi zion Aranbururi.

Akordioak beste ondorio bat du. Erregaien gaineko zergaren doikuntzetan Nafarroaren aldeko saldoa utzi du. Nafarroak urtero 25 milioi euro pagatzen zituen, eta orain 60-70 milioi jasoko ditu. Nafarroari dakogion erregai kontsumoaren eta zerga bilketaren zifra zehatz jakitea ahalbidetzen zuen teknologiak, baina Yolanda Barcinaren gobernuak 2013 eta 2014. urteetan ez zuen zirkinik mugitu. Akaso, zail izango zuen, baina ez zen ahalegindu ere egin.

Horregatik, bataila komunikatibo horretan tanto garrantzitsua irabazi du Nafarroako Gobernuak eta laukoak. Adi, ordea. Garaipen politikoak ez dezala inor itsutu. Hasteko, Montorok opari ezkutu bat du gordea: gastu araua. Arau horrek urte honetarako zehazten du urte batetik besterako diru sarreren igoeratik gehienez %2,1 erabili ahalko dela aurrekontuetan, eta gainerakoak zorra amortizatzera joan behar duela. Akordioa itxi zen egun berean, goizean, Montorok hainbat erkidegori ohartarazi zien arau hori bete ezean «esku hartzeko» arriskua zegoela; tartean zegoen Nafarroa. Aurtengo aurrekontua ixtear da, eta ikusteko dago zer gertatzen den. Era berean, arau horrek galarazi egingo dio Nafarroari 215 milioi euro horiek inbertsio edo gastu publikorako erabiltzea. Laukoaren barruan arrakalak eragin ditzake horrek. Ziurrenik zirrikituak bilatu nahian ibiliko dira, baina, Aranburuk ohartarazi zuen legez, ez dago sostengu juridikorik. Arauaren arbitroa Espainiako Gobernua bera da. Ziurrenik, 2018an denon hiztegian sartuko da gastu araua. Nafarroako autogobernuak ustez aitortutako finantza autonomia beste behin urratu da.

Eta hori da gakoa. Izan ere, horrez gain, oso denbora gutxian Auzitegi Konstituzionalak hiru foru legeren atal nagusiak kamustu ditu. Hartara, ekarpenaren akordioa ona da, baina, aldebikotasuna azpimarratzerakoan, ezin da koadro orokorraren beste aldeaz ahaztu. Eskuin eskuarekin bidezko ekarpena ahalbidetzen dute; baina ezker eskuarekin autogobernua orrazten jarraitzen dute, Alfonso Guerrak esango lukeen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.