Angel Erro.
JIRA

Bermudetan

2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Neguko Olinpiar Jokoetako inaugurazioan Bermudetako parte hartzaileek praka motzetan desfilatu zuten, esaldi honen lehen hitzari eta hotzari aurre eginez, garaiz kanpoko. Desafiatzaileago edo arduragabeago, Tongako banderaduna, soina biluzik baina izurde koipez edo prebentiboki Vicks Vaporubez igurtzia zuela.

Oraindik garaiz kanpokoago eta arduragabeago jokatuta, biluziago utzi ditu Bermudetako Gobernuak ezkondu nahi duten sexu bereko bikoteak, horretan bai nazio guztien artean garaile, urrezko domina, lehenak izan baitira mundu osoan ezkontza homosexuala legez onartu ondoren bertan behera uzten. Legeak iraun duen hilabeteetan ezkondu diren bermudatarrek (ezin bestela, zeren bestela) eutsiko diete beren ezkon eskubideei. Ez dakit zergatik dudan susmoa zilarra, brontzea eta diploma olinpikoa sarri gabe esleituko direla, lehiatzekotan atzerantz ari den gizarte honetan.

Baten batek pentsa dezake ezkorregia naizela. Ez ezazue ahaztu nondik natorren, erkidego batetik, non alderdi nagusia irrikatan dagoen nik (berdintasunaren izenean) eskuratu ditudan eskubide batzuk, kasu honetan ez gay moduan, euskaldun gisan baizik, bertan behera uzteko, boterera iritsi eta lehen gauza, munduko errekor guztiak hautsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.