Jon Fernandez.
GEURE KONTU

Pentsio txikiek goi tentsioa piztu dute

2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Luzaroan aguantatu dute isilik erretiratuek eta pentsiodunek. Hamarkada beteko krisi ekonomikoa hortzak estututa igaro dute askok eta askok, bizitza oso baten joanean barneratutako estoizismoa eta pregonatu bako heroismoa uztartuz. Ikusi dituzte seme-alaben eta biloben enpleguak prekario bihurtzen, ikusi dituzte pentsioak txikitzeko erreformak martxan jartzen, ikusi dute nola ezarri dieten sendagaien berrordainketa, ikusi dute zelan hustu den diruz mendekotasunaren legea... Hamaika ikusi dute, eta isildu egin dira. Gaur arte.

Urteetan pilatutako haserrea lehertu zaie Fatima Bañezek etxera bidalitako gutunean zenbaki ñimiño hau ikusi dutenean: %0,25. Miseriazko igoera, kontuan hartuta inflazioa %1,1 handitu dela urtebetean. Sutu egin dira, kaleak hartu dituzte, eta sistemaren bihotzean eman dute kolpea: pentsio duinak eskatu dituzte; hau da, aberastasuna modu humano batean banatzea.

Izan ere, egon badago aberastasuna. Bosgarren urtez jarraian hazkunde ekonomikoan egonda, ez al da garaia krisian irekitako zauriak osatzen hasteko eta dirua hobeto banatzeko? Galdera horixe egiten dute behin eta berriz pentsiodunek, baina jabetzen dira errealitatea kontrako norabidean doala ziztu bizian: aldeak aldeago bihurtzen ari dira, desberdintasun sozialen arrakala gero eta handiagoa da herritarren artean, eta baita pentsiodunen artean ere.

Badakite indarra daukatela. Pentsioen gaiak tentsio politikoa eragingo du. Boto emaile asko dira: 681.719 pentsiodun Hego Euskal Herrian, biztanleriaren %24. Ostegunean pentsiodun batek baino gehiagok aipatu zuen alderdi politiko bat sortzeko aukera Espainiako Gobernurako hurrengo hauteskundeetarako —2020an, printzipioz—. «Gehiengo absolutuarekin gobernatuko genuke!», zioten. Ez dabiltza oker, Espainiako Erresuman 8,7 miloi pentsiodun baitaude, eta 7,9 milioi botorekin irabazi zituen hauteskundeak Mariano Rajoyk 2016an. Pentsiodunen Alderdiarena ez da oso aukera gertagarria, baina argi dago aurrerantzean zuzenean eragingo duela pentsioen gaiak jardun politikoan.

Zaharrak berri

Erabakitzeko eskubidea aipatu dute pentsiodunek, «erabakitzeko eskubidea gai sozialetan». Espainiaren gabeziak ikusirik, Gizarte Segurantza eta pentsio sistema propioa eskatzen dituzte. Norabide horretan, presio handia egingo diote EAJri, eta lehentasuneko gai bihurtu beharko dute jeltzaleek PPrekin Espainiako aurrekontuak negoziatzen badituzte.

Sistema propioa izanda ere —aukera gertagaitza, epe motzean—, zaila da soluzioa, ezinezkoa ez bada ere. Batez besteko pentsioa 1.138 euro da Hegoaldean, baina bi errealitate ezkutatzen ditu zenbakiak.

Batetik, zati handi batek pentsio ona dauka, industrian ibilitakoek eta funtzionario askok, adibidez. Kontua da gaurko lanpostuak soldata txikiagokoak direla eta kotizazioak ez direla aski pentsioak pagatzeko: Hegoaldean 1,7 langile daude pentsiodun bakoitzeko; Espainian, 2,2. Kopurua bitik jaisten denean, zaila da sistemari eustea.

Bestetik, pentsio txikiak daude, bereziki emakumeenak: hilean 700 eurotik behera jasotzen dituzte 249.579 pentsiodunek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. DSBEarekin osatzen zaie, 732 eroraino. Ezinbesteko laguntza da, baina ez da nahikoa. Europak jarrita dauka muga, pobrezian ez erortzeko. Batez besteko soldataren %60 izan behar da gutxieneko soldata: hemen, 1.200 euro. Eta horren %80, gutxieneko pentsioa: 1.080 euro. Bi zenbakiotatik behera pobrezia dago, giza duintasun falta: bai soldatapekoen artean, baita pentsiodunen artean ere. Arazoa ez da bakarrik nagusiena, gizarte osoarena baizik.

Gazte askok harrotasunez eta, aldi berean, lotsaz begiratu diegu pentsiodunen asteotako olatuari. Harrotasunez, urguiluz ikusi dugulako gure zaharren ahalduntze erakustaldi kolektiboa; eta, lotsaz, prekarizazioak jotako gazteok eta ez hain gazteok ez dugulako, oraindik, horrelako autoestimu indarrik erakutsi. Zaharrak berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.