Angel Erro.
JIRA

Berberak gara

2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Zuhurra izaten naiz dirua eta denbora non xahutzen dudan. Eta, ahal dudanean, baita norekin ere. Handitzen doakidan joera da. Aurrekoan trena hartzera nindoala, garaiz eta egarri heldu nintzenez, segundo batzuk, segundo labur baina ongi haztatuak, eman nituen geltokiko bi tabernetatik zeinetan sartu aztertzen, irizpide asko gogoetagai (erosotasuna, prezioak, jatortasuna, kate handi eta hotz baten parte nabarmenegia den ala ez, abegikortasuna, eskaintza, bezeroen batezbestekoa, egunkariak eskura dauden...). Azkenean pozik sartu nintzen haietako batean. Nire gustu onak garagardoa goxoago edanarazi zidan.

Hortik tarte batera, ia alde egiteko tenorea nuenean, aditu dut zerbitzariak bezero bati nola esan dion ez dutela ez dakit zer gauza, Coca-cola zero bat-edo, ondoko tabernan galdetzeko, «berberak gara-eta».

Berberak gara-eta. Amildu naiz. Bat-batean guzti-guztiaren laburpena begitandu zait «berberak gara» hori. Hitzok kapitalismoaren zerizana azal lezakete, konkurrentzia itxurakeria, Euskal Herriko historia. Are Iruñeko gau giroa ere, gaur zain dudana. Baina langileak (mutil gazte eta, oker egiteko beldurrik gabe esan dezaket, prekario horrek) pluraleko lehen pertsona erabiltzeak egin dit min gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.