Angel Erro.
JIRA

Katuarena

2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Gogoan dut inoiz gertatu izan zaidala eta oro har jokabide desegokitzat hartu izan dut: maskotez senideak balira bezala hitz egitearen joera, batez ere solaskideetako batek bere senide (gizatiar) bati buruz zerbait esatean paralelismoak, batzuetan oharkabeak, ezarrita. Esaterako, «ezinegonean nago gure aitari ebakuntza egin behar diotelako gaur», «ni ere bai, Beltzari kiste bat kenduko diote egun hauetako batean». Orain egoera horretan nago, bikotekidearen katemea hilurren, eta aurrekoan koherentea izateko neure buruari eutsi behar izan nion, lagun batek bere aitaginarrebaren eritasun larria kontatutakoan.

Ez dut esan nahi animalia batekin lau urtez bizitzeko esperientziak erabat aldatu nauenik, film txarretan bezala tipo gogorraren oskola pitzatu zaidanik. Baina bai sentitzen dut, gertutik ikusten ari naiz, animaliak ere heriotzaren hurbilak dituela, gu bezalaxe, abailtzen, aldarazten, ahultzen, zokoratzen, mehatxatzen. Etxeko katua hasi zaigu armairu azpian gordetzen. Bakardadea ikasaraziz bezala. Litekeena da testu hau agertzerako, albaiteroak injekzioa jarri eta erraustu izana, (hemen bai konparazioa eginen dut) legeek senideekin askotan saihesten digun erruki, duintasun eta amodioaren erakusgarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.