GEURE KONTU

Petrolioa, 2014tik garestien: zergatik?

Jon Fernandez -

2018ko apirilak 15
Komeni da Donald Trumpen twitter kontuari begiratu bat ematea autoari gasolina botatzera joan baino lehen. Balio dezake neurgailu bezala, jakiteko ea depositua betetzea pasa den astean baino garestiago aterako zaizun. Aste honetan, behintzat, lotura zuzena izan da: AEBetako presidenteak Siria airez erasotzeko mehatxua idatzi, eta aparra bezala igo da Brent petrolio upelaren prezioa, 72,55 dolarreraino. 2014tik ez da hain geresti egon.

«Bai, Trumpen txioak izan dira, baina baita azkenaldiko kezka geopolitikoak ere», azaldu du Mike Wallsek, petrolioaren gaineko analista estatubatuarrak. «Petrolio salerosleentzat ziurgabetasun handiak daude Ekialde Hurbilean [munduko petrolio hobi handienak dauden eremuan]. Baina egoera baretzen bada, asko merkatu daiteke berriz ere petrolio upela».

Trump maisua da merkatuak dardarka jartzen, eta gutxienez bi su handi piztu ditu azkenaldian: Siriako erasoaz gain, Txinaren kontrako gerra komertzialarena. Bi suok badute eragina petrolioaren garestitzean, baina sinplekeria litzateke esatea bakarrik Trumpen erruz, edo hari esker, ari dela kariotzen urre beltza. Haren Twitter kolpeek balio dezakete termometro gisa petrolio upelari tenperatura hartzeko, baina ez da termotro bakarra, ezta hurrik eman ere.

LPEEren apustua

Urtea hasi zenetik, %8tik gora garestitu da Brent upela. Igoera hori ezin da ulertu LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen estrategia aintzat hartu barik. Saudi Arabiak gidatutako taldeak produkzioa murriztea adostu zuen, eskaintza gutxituta, upelaren prezioa garestitzeko asmoz. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren azken txostenaren arabera, LPEEren estrategiak «helburua bete du», lortu duelako garestitzea.

Ez da ahaztu behar 2014tik 2016ra petrolioaren prezioa ia %76 merkatu zela, gehiegizko eskaintzaren ondorioz. Harrezkero, gora egin du prezioak, poliki-poliki. Bide batez, gogoratu behar da petrolioaren %76ko merkatzeak ez zuela tamainako mesederik ekarri gasolindegian: 2014tik 2016ra gasolioa %29,3 merkatu zen Hego Euskal Herrian, eta %22,5 Iparraldean. Aldea nabaria da. Dolar-euro trukearen gorabeherek eta, bereziki, zergek oztopatu zuten merkaldia gasolindegietara bere osotasunean ailegatzea.

Eskari ase ezina

Edonola ere, kontua da, orain, LPEEren estrategiarekin garestitu dela upela, baina horrek berriz ere errentagarri egin duela AEBetako eskisto petrolioaren ustiapena, haustura hidraulikoz egiten dena. Hortaz, LPEE eta haren bazkideak —Errusia eta Mexiko, besteak beste— produkzioa apalduta dabiltza, baina gainontzeko ekoizleen produkzio hazkundea 2017koaren ia bikoitza izango da. Jakina, ekoizpen hazkunde handiena AEBek izango dute aurten: egunean 1,5 milioi upel gehiago merkaturatuz.

Halere, IEAk dio ez dela behar adina petrolio ekoizten eskaria asetzeko, eta balitekeela erreserbak erabili behar izatea. Hazkunde ekonomikoa petrolio egarriz dago, baina ekoizpenak hainbat galga ditu: LPEEren estrategia, eta Venezuelaren, Libiaren eta Angolaren produkzio motelaldia, esaterako. LPEEk ekainaren 21ean erabakiko du orain arteko estrategiarekin jarraitu ala ez; Saudi Arabiak, bederen, jarraitzeko asmoa dauka. Hortaz, ez dago itxurarik epe ertainean urre beltza merkatzeko, ez behintzat eskari handiak eta tentsio geopolitikoak dirauten bitartean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna