JIRA

Hildakoen txioak

Angel Erro -

2018ko apirilak 17
Norbaitek, hil delako berria emateko, Felipe Riusen Twitterreko kontua linkatu du. Sartu naiz, hau bera egiten dudan aldiro bezala (ez da hil berri den norbaiten sare sozial abandonatuan sartzen naizen lehen aldia), sentsazio arraro batek jota: profanazio eta omenaldiaren arteko zirrara bat korapilo bat eztarrian, gehiegi luzatzen saiatzen ez naizena. Nago oraindik ez dakigula horrelakoetan zer egin, ez dugula asmatu sare sozialak egoera horietan nola kudeatu, eta hor gelditzen dira ahanzturaren eremua handiagotuz, profanazio eta omenaldiaren arteko lur zehaztugabean. Hil berriaren zati bat hor dagoelako. Azken hats digitala. Hondar egun-hiletako aldartea. Ezagutzaren bat.

Ibon Gaztanbide Olagarroaren azken hiru txioak, esaterako (bi bertxio eta bat originala), guztiak egun berekoak, hiru heriotza gogora ekartzeko erabili zituen. Inoiz sartu naiz haren blogeko sarrerak irakurtzera ere.

Ibonekin ez bezala, Felipe Riusekin, elkarri jarraitzen bagenion, ez genuen, nik gogoan dudala, inoiz interaktuatu sarean. Bere horman behera jaitsi naiz berak idatzitako azken sarrera topatu dudan arte. Ziklismoari buruzko bat eta hurrengoak (2013ko otsailaren 28) «Etxera noa. Bazen garaia» dio. Ez dut zabaldu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna