JIRA

Atzera begira

Angel Erro -

2018ko ekainak 20
Atzera begira ez dagoen memoria historikoa nahiago du Susana Diaz Andaluziako lehendakari sozialistak. Niri gauza bera gertatzen zait: kontraesanik gabeko paradoxak nahiago ditut politikarien aho-gogoetan. Adierazpenon testuinguruak Hego Europako diktadore bat, hogeigarren mendekoa, lore berriez egunero hornitu oroigarri monumental batean ehortzita jarraitzen duen bakarra, ekartzen du berarekin, eta baita beste alde batera begiratzearen berrogei urte ere.

Batzuen ustez, beste alde batera begiratzea atzera begira egotea baino askoz erosoagoa da, lepo hezurrerako batez ere, eta, nahasmendua areagotzeko, jende askok, gainera, beste alde batera begira egoteari aurrera begira egotea deitzen dio. Alde batera begira esan dut, baina erraz da asmatzen eskuin ala ezkerrera den.

Atzera begiratzearen kontrako apologistek ez lukete gidabaimena erraz lortu ahal izanen. Gidari onek, beste bidaiarien isilean, eta maiz oharkabean ere, erreparatzen diote atzerako ispiluan zer ageri den, bere gogoan atzetik desagertuz doa paisaia eta aurretik agertzen doana gauza bat eta bakarra bilakatuta, etorkizunaz betetako nostalgia eta alde egin nahian murgilduta. Baina uste dut bidetik ateratzen ari naizela. Nora begira nagoen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna