Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Erdibiderik gabeko lemazaina

2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Zer egin daiteke lau hauteskunde segidan galdu ondoren? Hartutako bideari eutsi behar zaio zuzena dela ziur izateagatik? Ala hautesleen—eta alderdikide askoren— kexua entzun eta ziaboga bat egin? Bi aukera horiek ditu orain begi aurrean Frantziako Gobernua gidatzen duen François Hollande-Manuel Valls bikoteak.

Bigarrena, norabide aldaketarena, baztertuta dago, horrek ezinbestean behartuko lukeelako presidentea Valls kalean uztera eta bere hirugarren lehen ministroa bilatzera. Ez du hori egingo; batetik, haizearen noranzkoaren arabera mugitzen den agintari ahularen irudia emango luke; bestetik, azken urte eta erdiko esperimentu sozial-liberalaren porrota onartzea izango litzateke, haren emaitzak jasotzeko unea iristear dagoela uste duenean. Hirugarren arrazoia ere badago, aurreko biak bezain inportantea edo gehiago: ildoa aldatzeak Bruselarekin eta Berlinekin berriro borrokan hastea ekarriko luke, eta nekez irabaz dezake lehia norgehiagoka hori.

Baina hautesleei entzungor egin eta besterik gabe aurrera jarraitzea ere zaila izango zaie Hollanderi eta Vallsi. Handia izan baita porrota: PS alderdi sozialistak kontrolatzen zituen 61 departamenduetatik erdiak eskuinaren esku utzi ditu, tartean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa barne dituen Pirinio Atlantikoak. Porrota, gainera, ez da gertatu zentro-eskuina bereziki indartsu dagoelako edo proposamen garbi bat duelako, baizik eta ezkerreko hautesle andana bat etxean geratu delako, edo zuzenean Fronte Nazionalari botoa eman diotelako ohiko klase politikoarekin nazkatuta. Horrelako kasuetan ohikoa denez, mezua «entzun» duela esan du Vallsek; are gehiago, minduta azaldu da PSko kritikoek —frondeur edo suminduek— edo Ezkerreko Fronteko buruek aurpegiratu diotelako aditu bai baina ezer egiteko asmorik ez duela.

Hortaz, lehen eta bigarren aukera uztartzea da geratzen den irtenbidea, baina erdibidearen ilusioa eman gabe: ildo liberalari eutsiko diotela ziurtatu dute Hollandek eta Vallsek —«hazkundea sustatzeko neurriak sakonduko ditugu orain», agindu du lehen ministroak—, baina litekeena da keinu batzuk egitea astelehenetik aurrera gobernuaren aurka artilleria gogorra atera duten PSko kritikoak isilarazteko.

Vallsen neurriak, asteazkenean

Keinu horietako bat izan daiteke lan erreforma bat oraingoz bazterrean uztea. Patronalak eskatuta, gobernua prest zegoen galerak dituzten enpresa txikiei eta ertainei langileak kaleratzeko erraztasunak emango lizkiekeen kontratu berri bat sortzeko. Pauso horrek, baina, sutan jarriko luke suminduen buruzagi espirituala, Martine Aubry Lilleko auzapez eta Lan ministro ohia. Begi onez hartuko luke, ordea, inbertsio publikoak errazteko programa bat; Aubry kexu da inbertsiorik ezin dutela egin tokiko erakundeek, 2017ra bitartean gastu publikoa 50.000 milioi euro gutxitzeko planaren zati handi bat —11.000 milioi— beren lepotik egin baita. Bidean gera daiteke Macron 2 legea izenekoa ere, aste honetan bertan Ekonomia ministroak udarako iragarritakoa.

Espekulazioak asteazkenean dira argitzekoak, orduan aurkeztu behar baititu Vallsek «hazkundea inbertsioarekin uztartzeko neurri» sorta.

Baina neurri berrietan baino gehiago, orain arte hartutakoen emaitzetan jarri du itxaropena lehen ministroak, bereziki enpresei zergak 40.000 milioi euro jaisteko neurri eztabaidatuan (Erantzukizun Ituna). Horren zain, baina baita ekonomiaren berezko bilakaeraren zain ere. Alde horretatik, haizea alde du: lozorro handiaren ondoren, berpizteko bidean dirudi Europako ekonomiak, euro ahulak, petrolio merkeak eta EBZren dopinak lagunduta. Baina haize fina da, oraingoz enpresek edo finantzek sumatzen dutena, baina ezer gutxi herritar arruntek. Vallsek espero du urtea %1,5eko hazkundearekin bukatzea, langabezia txikitzeko beharrezkoa den kopurua. Bere arazoa da hori baino lehenago izozmendi batekin egin dezakeela topo bere ontziak, PSk Poitiersen egingo duen kongresuan. Aubry eta beste kritikoak batu eta nahiko indar hartuz gero, lemazaina kareletik eroriko al da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.