GEURE KONTU

Bide luze baten lehen kilometroak

SNCFko grebalari bat, Macronen aurkako lelo batekin, asteartean, Parisko Gare de l'Est geltokian.
SNCFko grebalari bat, Macronen aurkako lelo batekin, asteartean, Parisko Gare de l'Est geltokian. ETIENNE LAURENT / EFE

Iker Aranburu -

2018ko apirilak 8
Indartsu hasi dute greba luzea SNCFko langileek. Asteartean eta asteazkenean aise lortu zituzten erakutsi nahi zituzten irudiak: milaka bidaiari pilatuta geltoki nagusietan, egun horietan ibili ziren tren apurrak hartzeko, eta milaka langile manifestazioetan. Eta hori bezain garrantzitsua, hedabideetan iruzkingileak beren buruari galdetzen ea burdinbideetako langileen protesta izango den Emmanuel Macronen gobernuaren bizkarra hautsiko duen lehena.

Indartsua da SNCFko sindikatuek prestatutako greben egutegia ere. Aste honetatik hasita, datorren ekainaren amaierara arte 36 greba egun iragarri dituzte. Apustu handia da, eta, apustu handi guztiak bezala, garaipen gozoak edo porrot mingotsak ekarri ahal dituzte. Edo, sarritan bezala, bi aldeek beren parrokiari saldu ahal dioten erdibideko konponketa bat ere bai.

SNCFren aferan azken aukera hori nagusitzeak ez luke inor harritu behar. Sindikatuen porrotarekin amets egiten dute eskuineko askok; Macronek hori egin ahal duenik ez dago garbi —airean dauden beste gatazka batzuk direla eta, koktel arriskutsua du esku artean—, baina ezta zer interes lukeen sindikatuak guztiz azpiratzeak ere, erreforma garrantzitsu batzuk haiekin negoziatzeko asmoa baitu —pentsioena eta langabezia sariena, besteak beste—.

Beste aldean, gaur-gaurkoz pentsaezina da Frantziako Gobernuak atzera egitea eta erreforma tiraderan uztea. Batetik, bere burua nahiko indartsu ikusten duelako: gehiengo osoa eta oposizio ahula du parlamentuan, hauteskunderik ez du ortzimugan, eta, ekonomiaren suspertzearen haizea alde izanik, gatazka horretan egingo dituen etsaiak berriro goxatzeko aukera ikusten du.

Bigarren arrazoia inkestak dira; azkenak dio frantziarren %57 daudela grebaren aurka, eta %42, berriz, alde. Inkesta hori eskuineko Le Figaro egunkariak eskatu izanak susmagarri egin dezake batzuen begira, baina erakuts dezake gobernua ez dagoela bakarrik gai horretan.

Estatutua eta zorra

Hirugarren arrazoia da agian boteretsuena: trenbide garraioa liberalizatzea ez da Parisko agintarien kapritxo bat, Europako Batasuneko herrialde guztiek bete beharreko baldintza bat baizik. Baldintza ideologikoa, nahi bada. Eta lehiakide pribatuei aurre egin ahal izateko, SNCFri, enpresari, komeni zaio haien lan kostuetara hurbiltzea. Xede horretan traba bat da langileen estatutua; ez da burdinbideetako langileei neurrigabeko soldatak ziurtatzen dizkielako, baizik eta sektore pribatuko beharginek ez dituzten baldintza mesedegarri batzuk bermatzen dizkielako: bizi osorako lanpostua, erretiroa goiz hartzeko aukera (2024tik aurrera, 54 urterekin gidariek, eta 57 urterekin besteek), pentsio onak, doako osasun arreta zentro askotan... «Pribilegioak», kritikoen iritziz; borrokari esker lortutako konkista sozialak, aldekoen iritziz.

Publiko izandako beste enpresa batzuekin bezala jokatu nahi du Macronek SNCFko langileen estatutuarekin: oraingo 130.000 langileek eutsiko liokete, baina ez, ordea, aurrerantzean kontratatutakoek. Estatutuarena marra gorria dela argi utzi du aste honetan Edouard Phillippe lehen ministroak. Beren logikan, ezin da besterik izan: langile guztientzat pentsio sistema bakarra ezarri nahi duen gobernu batek ezin du salbuespenik egin.

Estatutua kentzea ukiezina bada, zer eskain dezake Frantziako Gobernuak? Haren 54.500 milioi euroko zor handia bere gain hartzea. Sindikatuek diote —eta arrazoi dute— zor hori ezin zaiola estatutuari leporatu —enpresak eta haren jabe estatuak hartutako erabaki estrategikoei baizik —AHTetan inbertsio handiak egiteari, besteak beste—. Baina, aldi berean, badakite zor hori gainetik kentzea dela etorkizunean SNCF konpainia publiko sendo eta lehiakor bat izatea berma dezakeen faktorea. Ez da huskeria bat, baina ez da nahikoa izango oraindik gatazka itzaltzeko. Hortaz, hirugarren greba izango da gaur, hurrena bihar...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna