HITZ BESTE

Fitxa

Anjel Lertxundi -

2015eko irailak 19
Amenabarrek ingelesez errodatu du bere filma. Nongoa den jakin nahi izanez gero, Espainia/Kanada dio fitxak. Filma koprodukzioa dela eta koprodukzioa nongoa den esaten digu fitxak: zinearen alde industrialarekin zerikusia duen datu bat, besterik ez. Baina film bat kultura da ororen gainetik. Eta ingelesez egin du Amenabarrek, horrek mundu globalizatuan eta zinearenean adierazten duen guztiarekin.

Aspaldiko debatea da eta ez, zehazki, gurea bezalako hizkuntzetan soilik. Horra Frantziako Cesar sarietan izaten dituzten debateak, adibidez Costa-Gravasen Amen pelikulari gidoi onenaren saria eman ziotenean pelikula ingelesez egin zen arren. Inarritu, Del Toro edo Cuarón zuzendari mexikarrek ingelesez egindako filmak mexikarrak dira? Arturo Ripstein zuzendari mexikarrak garbi dauka: «Pelikulak bertan egiten diren hizkuntzakoak dira», eta hizkuntza horri egiten diote eta hizkuntza horretatik barreiatzen dute beren ekarpen kulturala.