Ivan Santamaria.
GEURE KONTU

Pentsioak eta pentsamoldeak

2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Etorkizunean pentsioak aski izango ez diren arrisku geroz eta handiagoa dago hainbat herrialdetan». Otsoa datorrela, alegia, esaldia esan duenak artzain neutral baten itxura gutxi izanagatik. Zaila da aurkitzea erretiro pentsioen geroari buruz iritzi lasaigarria emango duen txosten, azterketa, iragarpen, edo, besterik gabe, iruzkin labur bat. Arriskuaren abesbatzari bildu zaion azken ahotsa OCDE Ekonomiaren Garapen eta Lankidetzarako Erakundearena da.

Azken urteotan, herrialde askok egin dituzte moldaketak euren pentsioak «bide jasangarri batean» jartzeko. Bide jasangarriaren eufemismoa aipatzen du erakundeak, eta horren azpitik geratzen dena dira kasu gehienetan ordain txikiagoak jasotzeko eta baldintzak gogortzeko neurriak. Espainiako Gobernuaren menpeko euskal herritarrek izan dute botika horretatik dosi mingots bat: ordaina osorik jasotzeko kotizatu behar diren urteen gorakada, ordainaren igoera mugatu duten jasangarritasun faktoreak, eta adin ofiziala bi urtez atzeratzea. Bide batez, OCDEk berak Espainiari eskatzen zion pakete osoa.

Baietz, pentsio sistema publikoek erronka handiak dituztela aurrera begira, hori ez du inork ukatzen. Egia dela gizartea zahartzen ari dela, eta kanpoko migratzaileetatik babestu nahi duen gotorleku Europa honetan, ia beste inon baino gehiago nabaritzen dela. Erdi txantxetan esaten diote elkarri erretiro adinetik oraindik urrun daudenek ez duela merezi pentsio sistemaren egungo egoerari buruz kezkatzeak, adinera iritsiko direnean ez delako sistemarik geratuko. Kotizatzailerik eta lanik gabe ez dagoela sistemarik, noski, baina ezta gobernuak Gizarte Segurantzaren kutxan aurreztuta dagoenari eskua behin eta berriro sartuz gero ere.

Eta ez du esan nahi OCDEren azterketak ez duenik interesik. Badu, baina batzuetan ematen du pentsioen inguruan dauden arrisku eta mamu guztiak zerrendatzen dituzten azterketa serioak azaldu ondoren argiak itzali eta iragarki bat agertuko dela pantailan, plan pribatuak eskaintzen dituen finantza erakunde batena, jingle estiloko musikarekin lagunduta. Aurreztu zeure geroa bermatzeko, eta, bien bitartean, gizendu bankuen balantzeak, finantza krisiaren ondotik beharra dutela.

OCDEren diskurtsoak indarra du, baina ageriko kontraesanak ere azaleratzen dira, apur bat sakonduz gero. Dio erakundeak, arrazoituta, gazteen artean dagoen langabezia arazo serioa dela. Aldi baterako enpleguaren eta lanpostu prekarioen hazkundeak pentsioetarako egindako ekarpenak murrizten ari direla. «Lanetik kanpo egondako denbora pentsio sistematik kanpo egondako denbora da», ohartarazi du txostenak.

Hurrengo paragrafoan, ordea, adineko jendearen egoera da kezka iturri. Erretiro adin erreala ofizialaren azpitik dagoela oraindik. Beharrezkoa dela gerturatzea, eta, ahal bada, erretiro aurreratua ezabatzea. Hau da, lanpostu duinak aurkitu ezinik dabiltzan gazteek ez dituzte zahartzaroan pentsio ordain egokiak jasoko, baina, badaezpada, jarrai dezatela lanean adineko langileek puska bat gehiagoz, lanpostu horietarako sarbidea gazteei are gehiago trabatuta. Zaila da kontraesan bat ez ikustea zilegi diren bi kezken artean.

Pasio handiko eztabaida izan ohi da pentsioei buruzkoa. Urte asko lanean pasatu ostean gizarteari egindako ekarpena kitatu nahi du erretiratuak, geratzen zaizkion urte apurrak albait hoberen igarotzeko. Galdera deserosoetara garamatza horrek. Zenbat da aski? Hegoaldeko pentsiodunen erdiek baino gehiagok mila euro baino gutxiago jasotzen dute hilero, eta horietatik heren batek, 550 euro baino gutxiago. Galdera orokortzea ere posible da. Aberastasunetik zenbat jarri behar du herrialde batek ordain duinak izan daitezen? Zeren truke? Noiz arte?

Bukatzeko, eztabaidatik kanpo geratzen den elementu bat. Asko dira zahartzeaz kezka agertzen duten azterketak. Gutxiago, haur gehiago izatea sustatuko duten politika egokiak aztertzen dituztenak; ez ahaztu, etorkizuneko pentsioen oinarri direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.