Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Bizkor igaroko al dira 891 egun?

2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Lan bat aurreztuko diet Europako Batasuneko, Txinako, Brasilgo, Kanadako eta, oro har, AEBekin tratuak dituzten herrialde guztietako agintariei. Bi urte eta erdi, 30 hilabete, 127 aste edo 891 egun falta dira 2020. urteko azaroaren 3ra arte. Egun horretan joango dira berriro estatubatuarrak beren lehendakaria hautatzera, eta orduan jakingo da Donald Trumpi beste lau urte karguan jarraitzeko aukera ematen ote dioten. Kortesiazko hitzak gorabehera, gehien-gehienek hatzak, oinak eta ahal badute belarriak ere gurutzatuko dituzte Trumpen aurkariak irabaz dezan. Hasteko, zertara jokatzen duen garbi izango duen presidente bat izango dutelako aurrean, eta ez inpultsoen arabera; gauza bat txiokatu eta gutxira doi-doi kontrakoa esaten duena. Baina, batez ere, ikuspegi murritzeko agenda politiko batengatik bere buruari —eta besteei— kalte egiteko inolako arazorik ez duen presidente bat ez izateko.

Behin aberatsentzako eta enpresentzako zerga opari oparoa lortu ondoren, merkataritza politikan jarri du arreta Trumpek. Onartu behar da gai horretan norabide bat baduela AEBetako 45. presidenteak: AEBek gehiago esportatzea eta gutxiago inportatzea nahi du, hartara lortuko duelakoan AEBetan industriak galdutako milioika lanpostuetako batzuk berreskuratzea. Besterik da norabide orokor horretan sigi-saga egiteko joera. Aste honetan ikusi da argi eta garbi: aurreko asteburuan, Trumpek harro erakutsi zuen Txinarekin merkataritza gerra bat ez hasteko akordioa. Astearen amaieran, ordea, Txinak adarra jo dion sentsazioa gailendu da Etxe Zurian, eta Trump «egitura berriko akordio» bat eskatzen hasi da, oraingo bidean «zaila delako ezer lortzea». Funtsean, Pekinek hitzemandakoa beteko duen bermerik ez du Washingtonek; besteak beste, promesa batzuek ez diruditelako egingarriak. Esaterako, Txinak agindu du «masiboki» handituko duela AEBetako nekazaritza produktuen erosketa, baina errealitatea da ezingo duela askoz gehiago erosi. Har dezagun soja: AEBek ekoizten dituzten 40.000 milioi dolarretatik 12.000 milioi doaz Txinara. Hots, erosketa horiek handituta ere, bere horretan jarraituko duela 320.000 milioi euroko merkataritza defizitak. Wilbur Ross AEBetako Merkataritza idazkaria buru-belarri arituko da aste honetan Txinarekin akordioa ixten. Trumpek uzten badio...

Muga zergak, erortzear

Baina norbait Trumpekin kokoteraino badago, Europako Batasuna da hori. Are gehiago aste honetan, jakin duenean Washington aztertzen ari dela auto inportatuei %25eko muga zerga ezartzea. Aliatua —eta aitabitxia— zuenak mespretxuz tratatzen du orain. EBrentzat ere gakoa da bihar hasiko den astea. Ezustekorik ez bada, ostiralean indarrean jarriko dira Trumpen administrazioak Europako altzairu eta aluminio inportazioei ezarriko dizkien muga zergak. Bi luzapen izan dituzte aduana zerga horiek, eta Bruselak ez du espero hirugarrenik. «Pistola lokian zuela» arau komertzial berriak negoziatzeari uko egin dio EBk, eta merkataritza gerra atlantiko baten atarian gaude. Muga zergak altzairuarekin eta aluminioarekin hasiko dira, eta Harley Davidson, bourbon whiskiarekin eta AEBetako beste produktu ikoniko batzuekin jarraituko dute, horiek zergapetuta Trumpen hautesle fidelak zigortu nahi baititu EBk. Estimatzekoa da merkataritza kontuetan batasuna AEBei aurre egiteko prest agertzea, jakinda duintasun horrek galtzaileak ekarriko dituena. AEBetan asko saltzen duten enpresek, Euskal Herrikoak barne, badute kezkatzeko arrazoia. Baita Iranekin tratuetan hasi nahi zutenek ere, Trumpen joko geopolitikoaren erdian harrapatuta.

Trumpena lau urteko amesgaizto bat baizik izango ez delakoan, EBk ez du bere mundu ikuskera aldatu nahi. Merkataritza liberalizatzea ona dela dioen politikari eusten dio, eta, Kanadarekin, Japoniarekin eta Mexikorekin itunak egin ondoren, asteon jakinarazi du Australiarekin eta Zeelanda Berriarekin ere akordioak negoziatuko dituela. Eta 891 egun barru, Trumpen aroa bukatzen bada, sortzen ari den mundu berrian, AEBei aurrea hartu izanaren itxaropenari eutsi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.