Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

GEURE KONTU

Euskal industriaren nahi eta ezina

Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2017ko abenduak 3

Muturreko teknologiako monitorizazio sistemarik ez da behar antzemateko euskal industria 4.0 iraultzara eraman behar duen makina hots arraro bat ateratzen ari dela aspaldi honetan. Eusko Jaurlaritzaren «etorkizuneko apustu sendoak», Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, orainean dauka arazo larriena: Ikerketa+Garapena ataleko inbertsioaren jaitsiera. Ez datoz bat I+Gren inbertsioaren eboluzioa eta Lakuaren 4.0 industriaren aldeko ekimen amaigabea. Nahi eta ezina; benetan kezkagarria gau eta egun esaten ari direnentzat orain gutxira arte amestu ere egiten ez zen teknologia bat dakarren olatu berri hori ezin dela galdu.

Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan 2016an egindako I+G inbertsioaren datuak mandoak hilda utzi ditu Basque Industry 4.0ren Donostiako topaketaren argi distiratsuen ondoren. BPGaren %1,82ra besterik ez da iritsi geroa sustatzeko ei den gastua. Europako (28ak) batezbestekoa %2,03koa izan da, eta horrek esan nahi du azken hiru urteetan batez besteko horretara hurbildu ez, baina aldendu egin dela ustez Europako industriaren abangoardian behar duen herrialdea; euskal industria ez da Alemaniaren tropelean joango haren %2,92tik hain urrun egonda. Lakuak gobernatzen dituen hiru herrialdeen I+Ga BPGarekiko, ordea, Europako batezbestekoan egon da 2008tik, edo haren gainetik. 2012an goia jo zuen indikatzaileak: %2,09ra iritsi zen, eta Europako batezbestekoa %2,01ekoa izan zen. Baina 2014, 2015 eta 2016. urteek goitibehera batek baino teknologia gutxiago duen gainbehera ekarri dute: %1,94, %1,86 eta %1,82, Europako batezbestekoak %2,03ri eutsi diola hiru urteetan. Houston, arazo bat dugu.

Irabazien zati bat I+Gn sartzeko hautua

Eta lehendakaritzara horrelako larrialdiak iristen direnean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuaren txanda heltzen da: «Erakunde publikook gure ahalegina egin dugu, baina pribatuek lagundu egin behar gaituzue, ez nik esaten dudalako, zuen intereserako delako baizik». Hala mintzatu zaie asteon ekonomia alorreko hainbat eragile pribaturi, Bilbon. Erakunde publikoek I+G+b ataleko gastua %5etik gora igo dutela gogorarazi du Tapiak; gastu publiko-pribatua %1,6ko igoeran gelditu da, hala ere, BPGa %3 igotzen ari bada ere. «Herrialde honen interes handiena teknologikoki ongi kokatua egotea da, gure manufakturek balio erantsia izan behar dutelako, bezeroa gure produktuengatik Txinakoengatik baino gehiago pagatzera eramaten duen zerbait».

Ez du ematen, ordea, hau arazo didaktiko bat denik; enpresetako zuzendaritzek badakite zein den teoria, baita praktikara eramatea ez dela batere erraza ere bai. Orain hiru urte, Mondragon taldeko kooperatiba bateko langile-bazkideek enpresaren irabazien zati handi bat I+D+b atalera bideratzea erabaki zuten, soldatak handitzeko aukera iritsi zitzaienean, hainbat urtez gerrikoa estuturik izan eta gero. Kooberatibismoaren esparruan geroari heltzeko ahalegin pertsonala egiteko jarrera ez da arraroa, baina soldatapekoak dituzten enpresa handietan bai; ezin da bestela izan krisiaren zartadak kasu askotan haien patrikak hutsak baino hutsagoak utzi ondoren.

Benetako arazoa, dena den, irabazi marjinatan egon daiteke, susperraldia bultzatu duen esportazioen emaria handitu arren lehia globalak marjinak estutu baititu. Gehiago saltzen da, baina ez dira mozkin gehiago lortzen halabeharrez. Eta akziodun batzuk ez daude prest, antza, mozkinak apaltzeko edo haiek gabe gelditzeko I+G atala urezta dadin. Testuinguru horretan ere, uler daiteke Arantxa Tapiaren aste honetako errieta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

TRAKTOREAK, MOTORRAK BEROTZEN

Xabier Martin

Nekazari eta abeltzainak mobilizazioak prestatzen ari dira abendurako. Salatu dute ekoizpen kostuen garestitzeak etekinik gabe utzi dituela, eta Eguberrien atarian berriro gizarteratuko dute «marra gorri guztiak» gainditu direla.
 ©BERRIA

«Kontsumoa apalduko ote den beldur dira saltoki handiak»

X. Martin

Egañak dio janariaren sektorea apala dela Hego Euskal Herrian, eta kalitatearen bidez lehiatu behar dela, kontakizun egokiak sortuz, «neurrian eta prezioan» ez duelako zer eginik.
Europako Batzordearen egoitza, Bruselan. ©OLIVIER HOSLET / EFE
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.