GEURE KONTU

Aulkian eseri dira CCOO eta UGT (ere)

Manuel Chaves eta Jose Antonio Griñan, EREen epaiketan. J. MUÑOZ / EFE.
xabier martin
2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako sindikatu nagusien eraginkortasun eta botere galeraren atzean hamaika arrazoi daude, eta aulki bat bederen. Andaluziako EREen auziko epaiketa martxan da sei urteko ikerketa luzearen ondoren; akusatu nagusiak Andaluziako Juntako agintari ohiak dira, Manuel Chavez eta Jose Antonio Griñan presidente ohiak lehen lerroan, baina UGTk eta CCOOk ere badute lekua lotsaizunaren zirku bilakatuko den epaiketan. Gurtel, Lezo, Punica eta besteren ustelkeria zerrendaren arduradunak, PPk, oraintxe dauka mendekua hartzeko abagunea hainbeste atsekaberen ondoren; bere hedabideek (gehienek) ez dute aukera alferrik galduko PSOE lokatzetan itotzeko, eta bide batez, goraintziak emango dizkiete UGT eta CCOOri ere.

Sindikatu bi horiek 2009tik gaur arte ia 500.000 afiliatu nola galdu ote dituzten galdetzen dutenek Andaluziara begiratuko beharko lukete egunotan. Beharginen defentsa egin behar zuten haiek, tartean Andaluziako UGT eta CCOOko idazkari nagusi ohiek, negozioa egin zuten ustez arazoak zituzten enpresetako beharginak kaleratzeko dosierrekin, ERE-ekin. Hamaika arrazoi daudela, bai, eta lotsa hori guztia eroso esertzeko aulki nahiko handirik ez.

2001etik 2011ra Andaluziako Gobernuak laguntza ekonomikoak eman zituen arazoak zituzten enpresetan kaleratze erregulazioak egiteko. Erretiro aurreratuak erraztea zen helburua, neurri traumatikoak apaltzeko. Funts horretatik 721 milioi euro atera ziren 6.000 erretiro laguntzeko; arazoa da askok ez zutela sekula lan egin ustezko arazoak zituzten enpresa horietan. Arrotzak esan die ikerketa judizialak, eta laguntzak jasotzeko administrazioaren eta sindikatuen parte hartzea behar izan zuten. Iruzurra askorena izan dela, askorentzat, eta ez gehiegi aberasteko, PSOE eta sindikatuen statu quo-a bermatuko zuen bezero sarea sortzeko baizik. Hori da akusazioaren tesi nagusia. Benetako iruzurra 150 milioi euro ingurukoa izan daitekeela diote iturri batzuek; alegia, diruaren zatirik handiena legez baliatuko zela. Baina arrotzak asko izan dira, eta ez zegokien dirua jasotako enpresak ere bai (80 milioi inguru). Gainera, erregulazio dosier horiek egiteko komisioetan ere eskua joan zitzaien sarea josi zutenei (65 milioi inguru).

Arrastorik ez aldizkari ofizialean

Baina nola ez zen lehenago moztu diru laguntzen jarioa? Hamar urtez iraun zuen sistemak, Chavez eta Griñanen alditan, eta ez zen eten prentsak azaleratu zuen arte, Mercasevillak jasotako legez kanpoko laguntzen harira. Izan ere, laguntza nori ematen zitzaion ez zuen islatzen aldizkari ofizialak. Andaluziako Juntak bake soziala bermaturik izateko asmatutako sistema ondo zorroztu zuten. Auzia urte askoan ikertu zuen epaileak, Mercedes Alayak, esan zuen UGT, CCOO eta PSOEren inguruko pertsonei eta enpresei ematen zietela dirua. Epaiketak argitu beharko du.

Finean, Espainiako sindikalismoaren gainbehera azaltzeko beste aldagai bat da ERE-en auzia, baina garrantzitsuena CCOO eta UGT ustelkeriarekin lotzeko PPk eta bere akolitoek martxan jarritako ekinean. Black txartelek ere zipriztindu zituzten, baina EREak dira jatorrizko bekatua. Sindikatuen afiliazioa ez da %17ra iristen Espainian, Europako batezbestekotik behera, eta krisiak utzitako ajearekin geroa ez zaie agur bero bat egiten ari sindikatuei.

Euskal Herrian ere afiliazioak behera egin du azken urteetan, baina %25etik gorakoa da, hala ere. Sindikatu abertzaleak gora doaz, eta Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan duten nagusitasuna indartu egin da CCOO eta UGTren eredu otzanaren aurrean; Nafarroan, berriz, inoiz baino indartsuago daude ELA eta LAB, eta CCOO eta UGTren gehiengoa hausteko tenorean egon litezke aurki. Euskal Herriaren afiliazio tasa, edonola ere, urrun dago Europako iparraldeko herrialdeetakoenetik. Esaterako, Danimarkako langileen %80 sindikaturen bateko kide dira; Suediako %78, Finaldiako %74 eta Norvegiako %54 bezala. Han, sindikatuko kide ez diren langileei ez diete eragiten sindikatuek adostutako akordioek. Horra desberdintasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.