Angel Erro.
JIRA

Ahanzturak

2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Idazle bat hiltzen denean izaten da aipatuen. Edo ez. Aipatua izaten denean, askotan heriotzak ekarri dion famaren berpiztea deitoratu eta bizi bitartean egon den ahantzia salatzeko baliatzen da aipamena. Ni ez naiz errudun sentitzen idazle (edo sortzaile, kultur eragile, ospetsu) bat hiltzen denean gogora ekartzeagatik, ahanzturatik ateratzeagatik eta, bizirik ez dagoen arren eta aire zuria izan badezake ere, haren goraipamena egiteagatik. Zerbait pozgarria da eta, esanen nuke, jendeak uste duena baino askoz bakanagoa. Ohikoena inork ez aipatzea, heriotza oharkabean joatea da, hainbeste non bizi bitarteko ahanztura deitoratzeko aukera ere egoten ez den. Ezinen nuke adibiderik eman, nire burua gezurtatu gabe. Baina horrelakoak egon badaudela sinetsi beharko didazue.

Aurreko guztia orokorrean esan dut. Euskal arlora mugatuta, idazle bat hiltzen denean (eta haren heriotzaz ohartzeko aukera dugunean), ia beti berritasun sentsazio batek hartzen nau, zeinen kultura gaztea (eta halaber subalternoa) garen salatzen duena. Ez gaude Parnasoa osatzen joatera ohituta. Adanismo horrek Arnaut Oihenarten heriotzaren 350. urteurrena, gaur, hain zuzen, betetzen dena, ez ikusi egitera ere garamatza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.