Angel Erro.
JIRA

Kalean adi

2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Idazle askok ez dute kafea etxean hartzen, kafetegietan, bakarka eta koilaratxoari eraginez istorio jakingarri eta nobelagarri asko entzun daitezkeelako. Garai bateko idazleek behintzat hala egiten zuten, fikzioa bere burutik haragoko istorioekin elikatu behar zutenean.

Kaleko solasak inspiratzaileak gertatzen dira: etenak izaten dituzte; in media res hasten dira, Homeroren beraren lanak bezala; informazioaren hutsuneak entzuleak bete behar ditu (irakurleari guztia txikituta ematearen joeraren kontra); gure parekoen, gure klase sozialekoen, gure antzekoen bizipen eta arrangurez hornituta datoz.

Aurrekoan tren bateko bagoian oinordetza, salerosketa, etekinen banaketa eta espekulazioa nahasten zituen solas baten lekukoa izan nintzen. Eleberri beltz baten argumentua etorri zitzaidan. Izeba ezkongabe baten pisua saltzeaz arduratu den andre zahar batek banan-banan deitzen die bueltako trenetik bere ahizpa eta lehengusinei, guztiei gauza bera kontatzeko, baina dei batetik besterako ñabardura txikietan atzeko bidaiari aspertua ohartzen da gezurra sakatzen ari dela, iruzur egin diela, hilketa bat gertatu dela...

Gaur espaloian adi egon naiz. Solas orokorra eskasia da, bizitzaren gogorra. Eleberri latzagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.