Anjel Lertxundi.
HITZ BESTE

Aizu, haizu zaizu

2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Aizu, bai, zu, haizu zaizu, dio Amets Arzallusek Herri Urratserako idatzi duen kantuko errepika batek (h)aizuren bi adierekin jokatuz —aizu edo deia, haizu edo zilegi—, eta Arzallusek berak aurkezpenean esan zuenez, «instintuak esaten dit ez garela egoera larri honek [euskararenak] behar duen tamainako mekanismorik aplikatzen ari». Aktibatzen ez dugun mekanismoetako bat doan dugu: hizkuntzaren beraren potentzia da.

Hizkuntza gorputz bat baita, arnasa du, sentitu egiten du, ikusi eta entzun, jan, obratu, sufritu, gozatu, maitatu. Ahul badago, suspertu; itsusten denean apaindu; gaixo badago, zaindu; sano badago, gozatu... Hitzak bizi sentitzen direnean —eskola ez bada horretarako, zertarako?— hitzak sentitzen segitzeko gosea pizten da.

Gure askatasunak askatzen du hizkuntza, baina gure errutinak herdoiltzen, gure baldarkeriak baldartzen: hiztunok hizkuntzaren lorezainak izan gaitezke baina baita kartzelariak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.