Angel Erro.
JIRA

Blokeoa

2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Berez, badu zerbait poetikotik, metafora bat osatzen duen heinean, eta badu zerbait epikotik, gizaki bakarrentzat itzela dirudien neke titanikoa eskatzen baitu, ezin amaituzko ahalegina behar duena. Aste honetan jakin dut badagoela emakume bat sare sozial ezagun batean euskaldun guztiak (orain arte egiaztatu ahal izan denez) blokeatuak dituena, antza, euskaraz egite hutsagatik, zer neurritan edo zer edukirekin aintzat hartu gabe. Euskarak, apaizgoak bezala, ezin kenduzko marka utziko balu bezala.

Baina zergatik ez luke behar? Arlo birtualean, neurri txiki edo handiagoan, denok geure nahierara, geure gustu eta interesen arabera, berreraikitzen eta zedarritzen dugu mundua, irreala, algoritmoak berak gero ahaleginduko duena oraindik irrealagoa izan dadin, itxiagoa. Normalean kanpoko errealitatetik gustuko ez dugunaren lagin lekukotasunezko eta norberarentzat onargarriari sarbidea ematen diogu, zeinen toleranteak garen geure buruari erakutsi aldera. Andre honek, berriz, zintzoagoki ekartzen dit gogora ikusi dudan hainbat jenderen jarrera, euskarari eta euskaldunak egon badauden ebidentzia txiki baina setatiari ez ikusi totala egiten baitiote. Gogo blokeoa ezarrita eta euskaldun guztiak bloke irmotzat hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.