Angel Erro.
JIRA

Argazkiarena

2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Programatutako zaharkitzearen kontrako neurri alferrikako moduan, etxeko gailuei eusten diet hondatzen hasita eta are guztiz hautsi eta gero. Katolizismoak utzi didan pizkundean sinestearen arrastoa. Ez dabiltzan gauzez inguratuta ikusten nautenek utzikeriatzat jotzen dute berez salaketa dena. Ez dut otzan eta esaneko bitan, hirutan, lautan erosi nahi hiruzpalau urtean behin, bizpahiru urtean behin, ia urtero, urtebetea igaro aurretik ere, behin ordaindu eta arduraz erabilitakoa.

Atzodanik sakelakoaren argazki makina irekitzean pantaila beltza baino ez da ikusten. Harrigarria zait funtzio horren hain menpekotasun handia garatu izana. Argazkia ateratzen dut liburu edo egunkari batetik oharrak hartu beharrean, ahaztu nahi ez dudan zerbaitez beranduago oroitzeko, lagunei non nagoen jakinarazteko, ispilu gisa erabiltzeko. Argazkia ere bai kaleko edertasun iheskorrari eusten saiatzeko, garai batean idatziz, okerki baten bidez-edo, egiten saiatuko nintzena. Horrek eramaten nau gaurko egunean pentsatzera, poesiaren eguna baita, aurten babesgabe harrapatuko nauena, eta, gainera udaberria elurrarekin hasi denez, beldur naiz makurrena gerta daitekeela, honezkero poesiarako ez banago aurretiaz zaharkiturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.