Angel Erro.
JIRA

Zolda

2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Zerbait komunean edukitzeak beti hurbiltzen zaitu hurkoarengana. Nik aste honetan deskubritu dut Emmanuel Macronek eta biok zerbait dugula elkarrekin: zolda edo buruko zahia. Ez nion erreparatuko, eta Frantziako presidenteak agintaldia amaitu eta gero oharkabean igaroko nuen, Donald Trumpek, lagunkoi, salatu izan ez balu, eta, aitazko, sorbaldatik kendu izan ez balio, Macron perfektua dela botatzearekin batera. Horri buruzko azterketa laburra egin beharko nuke, baina itsumustuan esanen nuke ez dagoela hizkuntzarik zolda hitza konnotazio positiboaz jantzi duenik.

Oroimenak atzera egin du eta neure burua ikusi dut lotsatuta (batez ere) amak horixe bera egiten (eta esaten) zuenean beste norbaiten aurrean. Macronentzat beste norbait hori mundu osoa da. Eta gerokotasuna. Irudi horiek beti lotuta eramanen dituzte. Hoberik ezean (eta gaitz da hoberik eskaintzea), fotograma horiek beti erabiliko dituzte bere eta Trumpen arteko harreman politikoa irudiztatzeko, hain dira esanahitsuak. Hain da begien bistakoa menekotasuna. Ahaidetasuna. Hemendik aurrera, bi agintarien arteko iritzi desadostasunetan ere zintzoa izandako semearen errebeldia labur eta azken finean munta gutxikoa baino ez dugu ikusiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.