Angel Erro.
JIRA

Ikara

2017ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Lurrikara batetik ezin da irakaspen handirik eratorri. Izan ere, egon naiz zutabe hau ez idaztekotan. Etengabe gora doan hildakoen kopuruak deia egin dit eta iritziz aldarazi. Lurrikara batek mugen hutsaltasuna, artifizialtasuna erakutsi ohi du. Lurrikara batek maila sozialen desberdintasuna begien aurrean paratzen du, hildako eta zaurituez osatutako zenbakien bidez. Lurrikara batek herrialdeen arteko desberdintasuna ere nabarmentzen du. Richter gradu berberek itzulpen ezberdina dute, lurrikara non gertatzen den.

Lurrikara batek erreplikak izaten ditu, beldurra eta babesgabetasuna areagotuz, zorigaitza berretsita. Erreplika horiek toki berean izaten dira. Ez du zertan. Zientzia gezurtatuz bada ere, gero eta susmo handiagoa dut mundu osoa bihurtu dela erreplikagune. Lurrikara batek astindu du Kurdistan (eta astindu ditu mugaren aipamena zekarten egunkarien izenburuak) eta beste lurrikara batek astindu du Costa Rica ere, ordu gutxiren buruan, eragindako kaltea eta oihartzuna ezberdina den arren, eta nork daki Islandiako Bardarbunga sumendiak ere ez duen laster erupzioa izanen, adituek uste bezala.

Lurrikaren errua naturarena da. Ematen diogun erantzuna, berriz, guztiona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.