JIRA

Negarren kontra

Angel Erro -

2018ko apirilak 15
Ez naiz oso negartia. Erreparatu diot film txarrekin (hots, sentimenduak ongi manipulatzen dakizkitenekin) baino ez dudala negarrik egiten. Errealitatean nekeago zait, zorigaitzetan ez baitago sokako musika egokirik edo crescendo melodramatikorik. Errealitatean zoritxarra nahasiegia dator, kontrako norabidean erakarri nahi zaituzten estimuluez inguratuta.

Horretaz gain, hunkitzea goratzen duen gizarte batean bizi gara, zintzotasunaren frogagarria balitz bezala. Piranesi saria eman berri diote Alberto Campo Baeza arkitektoari. Horren aitzakian egin elkarrizketa batean dio Erromako Panteoian negar egitea (malkoetaraino hunkitzea) beharrezkoa dela. Bere ikasleak Erromara bidaltzen omen ditu baldintza bakar batekin. Postal bat bidali diezaiotela bertatik «bai» ala «ez» hitz soilekin. Alegia, Panteoian bai egin duten negar ala ez duten negarrik egin. Pentsatzekoa da erantzunetako bakarrak erraztuko duela irakasgaia gainditzea. Susmatzekoa ere bada ikasleren batek benetan negar egiten badu, sugestiopean eginen zuela. Egonen da negar egin bai, baina ezetz idatzi dionik?

Gero eta gehiago aditzen diot jendeari honekin edo harekin negar egin duela. Gure buruari galdetzen hasi behar dugu saria zein den.