Angel Erro.
JIRA

Irakurle isila

2018ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Adiskide bat ama izan berria da eta nekez irudika ditzakedan neke eta lanetan murgilduta dago. Gaur idatzi digu esanez idazteko denborarik ere ez duela, baina irakurtzen gaituela. Bitan esan du irakurtzen gaituela. Esaldi horrek hunkitu nau.

Laugarren mendean Agustin Hiponakoa harritzen da, bere Aitorpenetan aitortzen duenez, Anbrosio Milangoa bere baitarako irakurtzen ikusita, ezpainak mugitu ere egin gabe. Berriki arte, ohikoena ozenki irakurtzea izan da. Idaztea, komunikaziorako zubia, ahozkotik ahozkora egiteko asmatua. Orain, berriz, damurik gabe diot, bi isiltasun elkarrekin lotzeko tresna da areago.

Irakurle isila bi aldiz da irakurle, bi aldiz isila.

Baudelairek zuria deitzen dio irakurleari. Nik zehatzagoa deritzot konplize deiturari: gaizkide, erru-lagun, sopikun. Konspirazio bereko partaidea da irakurlea. Hortik dator, nik uste, esku artean libururik (edo trepeta elektronikorik) gabe gabiltzanean zer gaizki eraman ohi dugun ondoko laguna irakurtzen egotea, baita bikotekidea bada ere, edo kasu horretan bereziki. Ni behintzat bekaitz naiz, leitzen ez dudanarena.

Ezer baino erasokorragoa, aktiboagoa, eraldatzaileagoa da, in angulo cum libro, irakurtzen ari denaren isiltasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.