Angel Erro.
JIRA

Bi telesail

2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Netflix obamatarrekin negoziatzen ari da telebista saio bat egin dezaten. Lehen begiratuan dirudien baino zerbait prosaikoagoa izanen da, antza. Seguruenik, Michelle emaztea haurren nutrizioaz mintzo, ingurune perfektu batean, edo Barack senarra mahai-inguru serio baina arin bat moderatzen. Ezer ez orain arte formatu analogikoan egin ez dutenik (hitzaldietan-eta). Lastima litzateke, autofikzioa hain aurrerakada ikaragarria bizitzen ari den garaiotan, harago eramanen ez balute, gehiago arriskatuko ez balira, errazkerian eroriko balira, ulergarria bada ere, Etxe Zurian ordezkatu dituenaren txarkeriak, konparazioz, on egin ditzan ohitu baitira.

Ordezkariak, berriz, Donald Trumpek fikzioa (oraindik ezin dugu generoa zehaztu, komedia eta terrorearen eremuan betiere) askoz gehiago mesedetu du, munduko gidoilari guztiek gertutik, hitzik galdu gabe, ikusi nahiko luketen goi mailako bilera iragarriz. Kim Jong-un-ekin bilduko da heldu den maiatzean. Zer atera liteke gaizki? Logikak (konkurrentziarenak, jakina) agintzen du aurrean ditugun bi hilabete eskasetan HBO ekoiztetxeak topaketaren egile eskubide osoak eskuratzeko ahalegin guztia egin dezala.

Ez da lehena hasi, eta dagoeneko bigarren denboraldiaren zain nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.