Hezkuntza. Espainiako Gobernuaren erreforma. Teresa Casall. Somescolako eleduna

«Denboraren tunelean atzera goazen sentsazioa dugu, frankismora bueltan»

Ikasle guztiak bi hizkuntzaren jabe izatea lortu duen murgiltze eredu arrakastatsua bertan behera uztea da PPren asmoa, Somescolaren ustez. Ez dutela lortuko ziur da Teresa Casall.

inaki petxarroman
2012ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Plataforma per la Llenguako bozeramailea da Teresa Casall (Badalona, Herrialde Katalanak, 1941). Plataforma per la Llengua Somescola (Eskola Gara) osatzen duten 31 erakundeetako bat da. Katalanezko eskolaren alde eta Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren erreformaren aurka buru-belarri ari da Somescola egunotan. Eta astelehenean mobilizazio erraldoi bat egin nahi dute Bartzelonan, Sant Jaume plazan.

Wertek esan zuen ikasleak espainiartu nahi zituela. Orain, bere proiektua aurkeztu duenean, esan daiteke espero zitezkeen mugak ere gainditu egindituela, ezta?

Jakina, muga guztiak gainditu ditu. Denboraren tunelean atzera goazen sentsazioa dugu, frankismora bueltan. Izan ere, gizon honek nahi du katalana Francoren diktaduraren amaieran zegoen bezala egotea. Alegia, nahi zuten eskoletan irakasgai moduan erakusten zen, eta kito. Hankapetik pasatu dute Kataluniako Hezkuntza Legea —PPk ez beste alderdiek adostua—. Azken finean, hizkuntza arma politiko moduan erabili nahi dute, baina ez dute ezagutzen gure errealitatea. Hemen ez daude bi ama hizkuntza, baizik eta 190. Beraz, esaten duenean ama hizkuntzan egin beharko zaizkiela azterketak lehen hezkuntzako ikasleei, zein hizkuntzataz ari da?

Zein da Espainiako Gobernuaren helburua eta noraino uste duzu iristeko prest dagoela?

Nik argi daukat: bereizi nahi dituzte ikasleak etxean hitz egiten duten hizkuntzaren arabera, kontuan hartuta, gainera, haientzat gaztelania bakarrik existitzen dela. Gure lorpen handienetako bat izan da ikasleak ez bereiztea etxean hitz egiten duten hizkuntzaren arabera. Hori 30 urteko murgiltze ereduak lortu du, eta asko kostatu da. Gaur egun, ikasle guztiek bi hizkuntzak menderatzen dituzte derrigorrezko eskolatzea amaitzen dutenean. Hori oso lorpen garrantzitsua da, eta hori deuseztatu nahi dute.

Hauteskundeen ondoren iritsi da Werten erreforma hau.

Bai, eta batzuek erabaki dute arazoak sortzea arazorik ez zegoen tokian, hizkuntzaren kontura.

Generalitateak esan du ez duela erreforma ezarriko eta murgiltze ereduarekin jarraituko duela. Trenen arteko talka gerta daiteke?

Talka hortxe dago. Werti Katalunian ematen ari zaion erantzuna neronek ere ez nuen imajinatuko. Izugarria izaten ari da. Datorren asteleheneko mobilizazioa guztiz orokorra izango da, eskoletan eta herrietan. Jendea deitzen ari da zer egin behar duten galdezka. Ikaragarri da. Hemen, behintzat, uste dut ez dutela ezer lortuko.

Izan ere, Katalunian herritarrak ezertan sentiberak badira hizkuntzarenkontuan dira sentiberak, ezta?

Hori da. Gaur [atzo] Barçaren partidan, 20. minutuan, aurreikusita dago ikusle guztiek oihukatzea «som escola». Hori atzotik gaur arte prestatu den erantzun bat-batekoa da, eta erakusten du zenbateraino larritu diren herritarrak katalanaren aurka egindako eraso honekin.

Mugimendu handia dago Katalunian eta ez hain handia Euskal Herrian. Iruditzen zaizu ezberdin eragingo duela bi herrialdeetan, alegia, Euskal Herriko ereduen sistemari ez diola hainbeste eragingo?

Nik ezagutzen ditut Euskal Herriko ereduak, eta iruditzen zait lortzen baduzue euskara herritar guztiek normal hitz egiten duten hizkuntza izatea, zerenez dakit iritsi zareten egoera horretara...

Ez. Nahiko urruti gaude oraindik egoera horretatik.

Bada, uste dut, hizkuntza nortasun eragile masibo eta garrantzitsua den heinean, Euskal Herrian ere gauza bera egingo dutela, alegia, horretara iristea posible egin duen hezkuntza sistema deuseztatzen saiatu. Espero dut denborarik ez izatea horretarako. Wert jaunak XIX. mendeko mentalitatea du, eta XIX. mendeko lege bat egin du XXI. mendeko beharrei erantzuteko. Lege osoa da alferrikakoa, zeren, ikuspegi pedagogiko batetik, hizkuntza asko behar ditugu, gero eta gehiago. Hemen, Katalunian, jendeak nahi du ahalik eta hizkuntza gehien ikasi, hemen ez dagoelako hizkuntz gatazkarik. Gaztelania jakitea aberasgarri zaigu eta ez diogu uko egin nahi, baina gure hizkuntza katalana da, eta denok ikasi behar dugu. Ondoren, bakoitzak erabakiko du zein hizkuntzatan hitz egin. Eskolak bermatu behar du hizkuntzarengatik ezberdintasunik ez egotea ikasleen artean.

Katalunian dagoen eztabaida politikoaren erdian dator erreforma.

Bai, hemen oso giro berezia dago, eta hemendik urtebetera nola egongo garen inork ez daki. Somescolak ez du planteamendu politikorik egiten, baina Kataluniako kontseilariak berak esan du zigor politiko bat izan duela honek, badagoelako sentimendu nazional bat egunetik egunera handituz eta sendotuz ari dena.

Aipatu duzue Hezkuntza ministroak aurkeztu duen erreforma hau legez kanpokoa dela.

Bilera egin baino 24 ordu lehenago eman die agiria hezkuntza kontseilariei, eta legez hamabi egun lehenago eman beharko zien. Hau oso arraroa da. Jakina, lehenago hauteskundeak zeuden, eta agian kalte egingo zion PPri.

Nola baloratzen duzu Generalitateak emandako erantzuna?

Orain arte irmo erantzun du Generalitateak eta, bide horretatik jarraituz gero, ondoan izango gaitu, betiere helburua hau bada: ez ukitzea funtzionatzen duen eskola. Gai hau ez da politikoa, pedagogikoa baizik.

Uste duzu erreforma ezarriko dela Katalunian?

Ez, benetan uste dut ezetz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.