Noiz sortua: 2016-02-03 00:30:00

Beltzentzat alfonbra gorririk ez

Bigarren urtez jarraian, aktore beltzik ez dago Oscar sarietara izendatutakoen zerrendan. Hainbatek iragarri dute protesta gisa ez direla joango sari banaketara, eta aldaketak agindu ditu akademiak.
Hattie McDaniel izan zen Oscar sari bat irabazi zuen lehen aktore beltza, 1940an. Irudian, Fay Bainter aktorea alboan duela.
Hattie McDaniel izan zen Oscar sari bat irabazi zuen lehen aktore beltza, 1940an. Irudian, Fay Bainter aktorea alboan duela. - / EZEZAGUNA

Ainhoa Sarasola -

2016ko otsailak 3

Aurten ere ez da aktore beltzik igoko agertokira Oscar saririk jasotzera. Zuriak dira aktore onenaren saria irabazteko hautagai guztiak, gizon zein emakume, protagonista zein taldeko —hogei guztira—. Bigarren urtez jarraian da horrela, eta isilik ez geratzea erabaki dute hainbatek. Nola litekeen galdetu du, esaterako, Spike Lee zinemagileak: «Beltzok ez al dakigu antzezten?». Eta iragarri du ez dela Los Angelesko Kodak antzokiko sari banaketako ekitaldira joango, protesta gisa. Haren bide beretik egin dute beste zenbaitek. Mugimendua zabaltzen ari da, eta sareak astintzen ari da #OscarsSoWhite kanpainarekin. Aniztasuna sustatze aldera, aldaketak hitzeman ditu azkenean Hollywoodeko Akademiak. Baina badirudi jada berandu dela otsailaren 28ko gala polemikarik gabe igarotzeko.

Jada Pinkett aktorea lehenetarikoa izan zen ekitaldiari boikota agertzen. «Oscar sarietan beltzak beti dira ongi etorriak sariak banatzeko, entretenitzeko... Baina gutxitan aitortzen zaigu gure lan artistikoa. Koloreko pertsonok masiboki uko egin beharko genioke parte hartzeari? Guk uzten diegun eran soilik tratatu ahal gaitu jendeak». Hautu bera egin zuen gero haren senar Will Smith aktoreak, eta hura ere ez da joango galara. «Aniztasuna Hollywooden oinarrizko balioa izan da, eta AEBen osotasunarena, esango nuke. Azken urteotan eta, bereziki, Oscar sari hauetan balio hori atzeraka doala uste dut».

Smithen izena kiniela askotan ageri zen Concussion pelikulan egindako lanagatik aktore onenaren kategorian izendapena lortzeko, baita beste aktore beltz batzuenak ere. Michael B. Jordanek Creed filmean egindako interpretazioa goraipatu zuen kritikak, adibidez, baina ez dute izendatu —bai, ordea, Sylvester Stallone, lan berean bigarren mailako rol batean eginiko lanagatik—. Idris Elba —Beasts of No Nation-engatik— eta Samuel L. Jackson ere —The Hateful Eight-engatik— aipatzen zituzten aukerak zituztenen artean —Elba oraintsu saritu du AEBetako Aktoreen Sindikatuak lan horregatik—, baina horiek ere izendapenik gabe geratu dira. Eta askok gora begiratu dute, akademiako botereguneetara.

Gizon zuriak nagusi

Los Angeles Times kazetak plazaratutako datuen arabera, akademiako kideen %93 zuriak dira; %73, gizonezkoak; eta 63 urte da haien batez besteko adina. Horiek dira hautagaiak aukeratzeko boterea dutenak. Eta, orain arteko sarien historiari erreparatuta, gutxitan aukeratu eta saritu izan dituzte aktore beltzak. Sariek 88. aldia izango dute aurtengoa, eta urteotan guztietan soilik 25 aktore beltz izendatu izan dituzte sarirako hautagai —izendatu guztietatik %1,5 baino gutxiago—. Gutxiago izan dira sarituak. Hattie McDaniel izan zen lehena, 1940an; taldeko aktorerik onenaren saria eman zioten Gone with the Wind filmean neskamearen rolean egindako interpretazioagatik —galan ezin izan zen pelikulako taldekideekin batera eseri, segregazio neurriak indarrean izanik, beltzentzat bereizitako gune batean eserarazi baitzuten—. Aktore protagonista onenaren saria lortzen lehena, berriz, Sidney Poitier estatubatuarra izan zen, 1963an, Lilies of the Field filmean egindako lanari esker. Eta haien atzetik saritu dituzte urteotan Louis Gossett Jr., Whoopi Goldberg, Cuba Gooding Jr., Halle Berry, Denzel Washington, Morgan Freeman, Jamie Foxx, Forest Whitaker, Jennifer Hudson, Mo'Nique, Octavia Spencer eta Lupita Nyong'o.

Kritikei erantzunez, 2020. urterako bere kideen artean «genero, etnia, arraza eta sexu joera» askotarikoen presentzia areagotzeko neurriak agindu ditu Hollywoodeko Akademiak. Bazkideak, botoa ematen dutenak eta arlo guztietako zuzendaritza batzordekideak «nabarmen askotarikoagoak» izateko «funtsezko aldaketak» dira iragarritakoak, eta joan den astean zuzendaritza batzordeko kideek aho batez onartu zituzten. Horien arabera, kide berri bakoitza hamar urteko eperako aukeratuko dute, eta zinema industrian «aktibo» jarraitu badu berrituko zaio izendapena. Hiru hamarkadaz kide izan denak edo Oscarra irabazi nahiz izendatua izan denak bizi artean izango du boto eskubidea, ez beste inork. Bestalde, kanpaina bat martxan jarriko dute aniztasun hori islatuko duten kide berriak identifikatzeko. Halaber, Akademiako presidenteak zuzendaritzako hiru kargu berri izendatuko ditu, eta kide berriak gehituko dituzte zuzendaritza batzordeetan ere.

«Akademiak aldaketaren gidaritza hartuko du; ez da industriak erantzun zain egongo», esan zuen Cheryl Boone Isaacs presidenteak —emakumea eta beltza da—: «Neurriok berehala izango dute eragina; akademiaren osaeran aldaketa esanguratsu baterako prozesua hasiko dute». Hark ere agertu zuen «atsekabea» kritikak haizatu zirenean.

Kanpainak eta aldarriak

Aniztasun handiagoa eskatzeko kanpainarekin bat egin, eta kritiko agertu dira Hollywoodeko beste hainbat izar, beltzak gehienak. Horien artean daude Michael Moore —zehaztu du ez dela izango galan—, Reese Witherspoon, Viola Davis, Lupita Nyong'o eta David Oyelowo, besteak beste. 50 Cent rap abeslariak eta Tyrese Gibson aktore eta musikariak, berriz, gala aurkezteari uko egin diezaiola eskatu diote Chris Rock umorista beltzari. Aurkezle lanetan ariko dela berretsi du Rockek, eta, orain, auziari erreferentzia nola egingo dion ikusteko esperoan daude asko.

Izan da, halaber, aniztasunik ezaren kritikei garrantzia kendu edo, zuzenean, kontra egin dien aktorerik. Charlotte Rampling izan da gogorrenetako bat —emakume aktore protagonista onenaren sarirako hautagaia da, 45 Years filmeko lanagatik—: «Inoiz ezin da zehatz jakin, baina agian aktore beltzek ez zuten azken zerrendan egotea merezi». Zurien aurkako «arrazakeria» ikusten du sortu den eztabaidan. «Jendeak beti esango du, 'hau ez da hain ederra', 'hura beltzegia da', 'bestea zuriegia da'... Baina hori dela-eta ontzat eman behar ote dugu gutxiengo gehiagok egon behar dutela leku guztietan?».

Milioika ikusle izaten ditu urtero Oscar sarietako galak, eta gutxitan izan da aldarrikapen edo protestarik bertan. Aurten, baina, joango ez direnengatik edo bertan hainbatek egingo dituzten adierazpenengatik, pentsatzekoa da auzia presente egongo dela. Akademia nolabait mugiarazi dute protestek. Ikusteko dago noraino iristen den haien mezua, ekitaldi horretatik harago.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

ENDIKA PORTILLO / FOKU ©Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen.

Hildako bat eta 15 kutsatu gehiago izan dira, datu ofizialen arabera

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du Nekane Murga Jaurlaritzaren Osasun sailburuak. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute Bilbon.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna