Osasuna. Ebolaren izurritea. Jose Antonio Iribarren. Donostia ospitaleko infekzio gaixotasunen zerbitzuko burua

«Muturreko neurriak hartzea dagokigu, arrisku gabe ere»

Zaila deritzo birusa hedatzeari, eta ziur dago hutsetatik ikasita kontrola daitezkeela kutsatutako gaixoak eta arriskuan daudenak. Kezkaz mintzo da Afrikako egoeraz, «laguntza askirik» ez eta.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
2014ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Afrikatik at ebola gaitzaz kutsatu den lehen kasuaren berri izan eta gero, «lasai eta zuhurtziaz» jardutera deitu du Jose Antonio Iribarrenek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1958). Medikuntzan doktore, Donostia ospitaleko infekzio gaixotasunen zerbitzuko burua da, eta hiesaren inguruko tesia du egina. Gertu-gertutik segitu du eritasun horren bilakaera; gaixoekin hartu-emanean eta arretan, bereziki, eskarmentu handia dauka. Hiesa edo ebola harrapatzeko zuzeneko kontaktua behar da eduki eriarekin. Hala ere, «antzekotasun gutxi» ikusten ditu. Ez du uste hiesa bezainbeste hedatuko denik ebola. Larriagotzat dauka, hori bai: «Berez betidanik urria den Afrikako osasun sistema suntsitzen ari da». Osakidetzako protokoloari buruz xehetasunak eman ditu.

Afrikako mugez gaindi da ebola.

Bai, eta munduko herrialde garatuek ere eman behar diogu erantzuna osasun arazo horri. Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi zuen orain dela hiru hilabete gaitza sorlekutik irten zitekeela, eta nahitaez hartu behar zirela neurriak; gaur egun, Ginean, Sierra Leonan, Liberian eta Nigeriako bizpahiru tokitan da izurritea.

Zer-nolako neurriak hartu dira?

Autonomia erkidego ororen artean adostu dugu ebolari aurre egiteko protokoloa, eta kasu susmagarriak zehaztu ditugu lehenengo eta behin. Afrika mendebaldean azken 21 egunetan egon direnengan jarri ohi da berebiziko arreta.

Zeintzuk dira sintoma nagusiak?

Herrialde kutsatu batean egoteaz aparte, giharretan min handia eta 38,6tik gorako sukarra edukitzea, goragalea, ahuldadea, ondoeza...

Noiz ezartzen da ebolaren kontrako protokoloa Osakidetzan?

Afrika mendebaldean egondakoek sukarraren muga gainditzen dutenean. Dena den, baliteke sintoma agerikorik izan gabe ere, sukar gutxiago dutenekin, abiatzea.

Nolakoa da prozesu hori?

Gaixo batek ebola izan dezakeela uste dugun istantetik Osasun Sailari igorri behar diogu abisua. Eta, ondoren, kasu hauetarako propio prestatuta ditugun anbulantzia berezietan garraiatu eria Basurtuko edo Donostiako erietxeetara.

Zer egiten da gaixoarekin?

Behin ospitalean, gaixoa presio gutxiko gela berezietan bakartzea da eman beharreko lehen pausoa. Medikuak babestuta egin behar ditu sartu-irtenak: eriaren egoera ikusi, haren historia klinikoa zehaztu, eta odol analisiak egiteko...

Zein babes neurriz ari zara?

Eria artatzeko neurriak oso zorrotzak dira. Jantziak, eskularruak, betaurrekoak, maskak, azpantarrak, burukoak... Berebiziko garrantzia du erizainak hurrenkera egokian jartzea eta kentzea babes neurri horiek. Tentuz, adi, segitu beharreko prozesua da. Baliteke gehiegizkoa izatea, baina muturreko neurriak hartzea dagokigu, arriskurik gabe ere. Badaezpada.

Noiz jakiten da zehatz-mehatz gaixoak ebola daukan edo ez?

PCR deritzon proba da giltzarria, odolean ebola zantzuak ote dauden jakitea ahalbidetzen duelako. Fidagarria da: gaixoak gutxienez hiru egun badaramatza erietxean eta probak negatibo eman baldin badu, ebola izatea albora daiteke. Hiru egun igaro ez badira, proba hori errepikatu beharko litzateke.

Zenbait kasu susmagarri agertu dira Euskal Herrian, baina, oraingoz, ez da izan ebola kutsaturik.

Osakidetzan lautan ezarri da ebolaren aurkako segurtasun protokoloa; hirutan, Basurtuko ospitalean, eta, behin, Donostiakoan. Beharrezko proba guztiak eginda baieztatu zen malariak jota zirela.

Etorkinak dira asko. Beste irizpideek baino pisu handiagoa du Afrikatik etortzeak? Zergatik?

Ebolarekin kontaktua izan dezakeen edonor artatzea da protokoloaren xedea, bereizketarik gabe, kutsatuta egon daitekeen pertsona batek ere ez dezan ihes egin.

Nolakoa izan beharko litzakete kontaktua ebola harrapatzeko?

Zuzena. Bizkor kutsatzen da, birusarekin kutsatutakoen jariakinak —izerdia, odola, listua...— ukituta. Gripearekin parekatzen da, baina alde nabarmena dago: ebola ez da airearen bidez kutsatzen.

Jariakinen transmisioarekin kutsatzen bada, zergatik hartzen dira horrenbeste babes neurri?

Galdera ona. Izurritearen hilkortasuna bereziki handia da; %70 ingurukoa. Horregatik da handia gehiegizko neurriak hartzeko joera. Adibidez, ziurrenik ez lirateke premiazkoak presio gutxiko gelak. Gauzak ahalik eta ondoen, hutsik gabe, egiteko dira horrelako neurri gogorrak. Hutsik ñimiñoenak protokoloa hankaz gora jarri, eta erizaina kutsa dezake.

Berriki, gaixo bat zaindu zuen erizaina kutsatu da Madrilen. Protokoloan okerren bat egon dela dirudi. Zer izan daiteke?

Ezustea izan da, ez dakit zerk eraginda. Argibiderik ez dut; hortaz, espekulazioak dira guztiak. Halere, lasai eta zuhurtziaz jarraitu behar dugu. Kutsatu diren gaixoak, arriskuan daudenak eta osasuntsuak identifikatu, eta bakartzen baditugu lortuko dugu gaitza sorlekutik ez irtetea; defentsa mekanismo aproposak hartuta betiere.

Eriak ohiko bizitza egin du egunotan. Gaur-gaurkoz, ba al dago birusa hedatzeko arriskurik?

Kutsatzeko arriskua oso txikia da uneon, gaitzari aurre egiteko azpiegiturak baititugu. Mekanismo horiek apurtuta soilik da posible birusa zabaltzea. Zaila da. Bestelakoa da egoera Afrikan. Berez betidanik urria den osasun zerbitzua suntsitzen ari da ebola. Ez daukate gaitasunik: mediku franko hil dira, eriak artatzen ibili ondoren.

Berdina al da birusaren bilakaera hemen eta Sierra Leonan?

Ebolaren bilakaera gaixoen gorputzean libre lagata berdina da, alde nabarmen batekin: hesiak jar diezazkiokegu guk; haiek, berriz, ez. Laguntza askirik ez dute. Kontrolik gabe dago izurritea Afrikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.