Haizea Isasa Amas eta Izar Hernando Ibero. Ernaiko kideak

«Ez da hitz egiten turismoko lanpostuen kalitateaz»

Turismoaren ondorio kaltegarriak salatzeko, manifestaziora deitu du Donostiako Ernaik datorren asterako. Giroa gaiztotuta egonik, badakite begiak haiengan jarrita dauzkatela askok.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Samara Velte

2017ko abuztuak 11
Donostiako Parte Zaharraren ertzeko taberna batean jarri dute hitzordua; bezero gehienak bertakoak diren gutxienetakoan. Auzoan egiten dute bizitza Izar Hernando Ibero (Donostia, 1995) eta Haizea Isasa Amas (Donostia, 1994) Ernaiko kideek. Gazteentzat udan lana badagoela diote, baina kalitate eskasekoa; etxetik joatea, berriz, ia ezinezkoa zaie. Zuen turismoa, gure miseria lelopean, manifestaziora deitu du Ernaik datorren ostegunean, 17:30ean, Bulebarretik abiatuta.

Zuen turismoa, gure miseria. Zer esan nahi duzue lelo horrekin?

IZAR HERNANDO IBERO: Zuen turismoa diogunean, ez gara edozein turismoren aurka ari, edo turisten aurka oro har, baizik eta eredu jakin baten aurka, eta horrek erantzule zuzenak ditu.

HAIZEA ISASA AMAS: Eta gazteon miseria... Azkenean, herritar guztiei kalte egiten die arazoak, hartzen diren neurriak ez daudelako haiei begira baizik eta turistei begira. Baina horrek, batez ere, gazteon baldintzei eragiten die, prekarioenak direlako.

Ernesto Gasco udaleko Turismo zinegotziak alderatu berri ditu Mediterraneoko hiriak eta Donostia, esanez hemen urtero 600.000 turista ibiltzen direla eta Bartzelonan 11 milioi. Nolakoa da Donostiako turismoa?

I.H.I.: Egun batzuetarako etorri eta joaten diren turistak dira asko. Gascok esango du hemengoa ez dela Costa Bravako turismoa, baina hori ere ari dira pixka bat sustatzen: etorri, sangria edan, desfasatu eta joan. Eta, aldi berean, turista dirudunak daude, pintxotara datozenak. Herritarrok elkarrekin egoteko geneuzkan espazioak galduz goaz. Konstituzio plazan, umeek jolasten zuten lehen, gozoki dendak zeuden; orain, terrazek plazaren %30 okupatzen dute. Parte Zaharrean 6.000 pertsona bizi gara, eta 210 taberna daude. Ez dakit Gasco non bizi den, baina, hemen, auzoak eman dezakeena baino gehiago eskaintzen da.

Uztailean, Donostiako Udalak Turismoko Gida Plana aurkeztu zuenean, «esklusibotasuna» bultzatuko zuela iragarri zuten.

H.I.A.: Badago higiezin enpresa bat, Engels & Volkers izena duena, zentro inguruko bizilagunoi gutunak bidali zizkiguna gure etxeak saltzeko eskainiz, oso termino onetan, gero atzerritar dirudunei saltzeko. Hor ikusten da noraino iristen ari den Donostiaren chic maila.

I.H.I.: Turismo garesti horrek ez dauka bakarrik eragina etxeen prezioan; lokalenak ere igo dira. Alde Zaharrean ia ez dago janari dendarik, eta daudenak gutizienak eta garestiak dira. Askotan, gure poltsikorako garestiegiak.

Auzo elkartea kexu da, zarata eta ordutegiak direla eta. Gazteok zailtasun erantsi bat duzue: etxea topatzea.

I.H.I.: Gazte arrunt batek, Donostian daukan lanpostu batekin, ezinezkoa da alokairua hartzea. Pisu turistikoen eskaintza pila bat igo da; horrek etxebizitzaren prezioa igo du: urtebetean, %17.

H.I.A.: Gela bateko etxebizitza batek gutxienez 800 euro balio du.

I.H.I.: Eta asko bakarrik irailetik maiatzera eskaintzen dira, gero udan turistei alokatzeko.

Sarri esaten da turismoak lanpostuak sortzen dituela. Horietako asko gazteok betetzen dituzue. Nolakoak dira?

H.I.A.: Beltzean kobratuak, ordutegi txarrekin... Udan, beharbada, badaukazu lan egiteko aukera, baina gero ezin duzu jarraitu.

I.H.I.: Azkenaldian asko ari dira hitz egiten «kalitateko turismoaz», baina ez dute hitz egiten sortzen diren lanpostu horien kalitateaz: denak oso-oso prekarioak dira. Gainera, esanguratsua da turistentzako tokietan zein hizkuntza eskatzen dieten langileei. Auzoko bizilagun eta kontsumitzaile gisa gertatu izan zaigu: dendara joan eta euskaraz zerbitzua jasotzeko zailtasunak edukitzea, baina gero turistari frantsesez edo ingelesez oso ondo erantzutea.

Zuen azken ekintzek —BasqueTourreko pintaketek, adibidez— oihartzun handia jaso dute, baita Espainian ere, are gehiago Bartzelonako Arranek abiatutako kanpainaren ostetik. Ez zaizue iruditzen hemen gertatzen dena erabiltzen dela han independentismoaren aurkako kanpaina indartzeko?

I.H.I.: Bai, nabarmen. Guri bigarren itzulia iritsi zaigu, eta aprobetxatu dute guri ere emateko.

H.I.A.: Fokua gurean edukitzeak ere ondorio bera dauka. Herri mugimendua eta gazte mugimendua kriminalizatu nahi dituzte, eta, horrela, diskurtsoa lausotu eta gaiaz ez hitz egin. Lehen beste aitzakia bat zen, orain turismoa.

Kezkatzen zaituztete manifestazioan egon daitezkeen liskarrek, horiek instrumentalizatu ditzaketelako zuen aurka?

I.H.I.: Kezkatu, kezkatzen gaitu, eta bada egoera deserosoa jakitea begia gugan dagoela jarrita. Baina ez ditugu mobilizazioak geldituko. Ernaik deitu du manifestaziora, baina Donostian jende asko dago turismoaren aurka: auzo elkartea, gazte taldeak... Gure manifestazioan edo bestela, jendeak mobilizatzen jarraitu behar du.

Alderdi eskuindarrek eta turismoko enpresa batzuek zuri-beltzeko marko bat ezarri dute eztabaidan: turismoaren aurka daudenak eta alde daudenak. Zaila da hortik irtetea?

I.H.I.: Mundu guztiak interpretatu du zer ari ginen esaten, baina gugana inor ez da etorri galdetzera. Gai honekin atera garen bakoitzean, azpimarratu dugun lehenbiziko gauza da ez gaudela turisten aurka edo per se turismoaren aurka; gu ere izan gara turistak. Mahai gaineratu nahi duguna da eztabaida bat, Donostian izaten ari den turismo masifikatuaz eta horrek bizilagunongan daukan eraginaz. Behin eta berriz entzun behar dugu «Euskal Herriaren argazkia zikintzen» ari garela; guretzat, argazkia zikintzen dutenak turismo eredu honek berak sortzen dituen baldintza prekarioak dira, herritarrak joan beharra gure herri eta auzoetatik.

Nolakoa izan daiteke turismo eredu sano bat?

I.H.I.: Herritarron neurrira egina dagoena eta guk erabakitzen duguna. Orain, udaletik esaten digute eztabaidatzeko tokia ez dela kalea, baizik eta instituzioak. Bada, ireki diezagutela espazio hori, eta erabakiko dugu zein izango den turismo eredua. Baina ez dezatela hartaz hitz egin zerbait bakandua balitz bezala: turismo ereduak zuzenean eragiten dio hiriari, eta horretan herritarrok daukagu hitza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna