Kataluniako erreferenduma. Elkarrizketa. Albano Dante-Fachin. Catalunya Si Que Es Pot-eko diputatua

«Espainiako Gobernuak lortu du ezkertiarren arrakala ixtea»

Kezkatuta baina ilusioz bizi ditu erreferendumaren aurreko azken egunak. Ezkertiarren arteko batasuna eta elkarlana jo du une historiko honetako «arrakastarik handiena».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
CSQP Catalunya Si Que Es Pot-eko diputatua da Kataluniako Parlamentuan, Podem-en eskutik, Albano Dante-Fachin kazetaria (Bahia Blanca, Argentina, 1976). Erreferendumaren aldekoak dira bera eta Podemeko afiliatu gehienak. Egunotako gurpil zoroan sartuta, Parlamentuko Eledunen Batzordea amaituta hitz egin du BERRIArekin, urriaren 1eko erreferendumaren atarian.

Erreferendumaren eguna iristear da. Nola bizi duzu une historiko hau?

Alde batetik, ezezagunak eragiten duen kezkarekin, kaleetan sumatzen da giro hori; baina, bestetik, Kataluniako politika jendearen esku dago, eta hori osasungarria da politikarentzat.

Kataluniako mobilizazio baketsuak geroz eta jende gehiago biltzen ari dira. Zein iritzi duzu Espainiako Gobernuaren jazarpenaz?

Tamalgarria da. Hemen Espainiako legedia betetzen ez duen norbait baldin badago, Alderdi Popularra da, zapalduz eta elkartasunerako eskubidea urratuz. Egoera hain da bitxia, ezen gu baikara Espainiako Konstituzioak dioena babesten ari garenak, herritarron eskubideen zapalkuntzaren aurka. Alegia, ez dute errespetatzen ezta gabeziaz beteta dagoen konstituzioa ere.

Erreferenduma babesten duen jende kopurua asko handitu da egunotan.

Noski, eztabaida honen aurrean orain arte hotzepel jokatzen zuen jendea mobilizatzea lortu dutelako. Badirudi batzuetan Espainiako Gobernuaren estrategia independentista dela. Ezin dugu ahaztu Katalunian milioika lagun ari direla kalean eskubideen urraketaren kontra borrokatzen. Espainiak beldurra sustatu nahi zuen, baina kontrakoa lortu du. Eta horren adibidea da gure militantzia: jende pila ari da ANC, CUP eta beste hainbat eragilerekin batera, kalean lanean. Orain arte banaketa argia izan da mugimendu subiranistatik zetozenen etaM-15etik gentozenon hainbategitasmoren artean; Espainiako Gobernuak, ordea, lortu du ezkertiarren arteko arrakala hori ixtea, eta hori da une historiko honen arrakastarik handiena.

Zein iritzi duzu PSCk duen jarreraz?

Kezkatuta gaude erabat. Begira, hortxe doa Iceta [barrez]. Kezkagarria da Rajoyren gobernua egiten ari den guztiaren aurrean sozialistek ez izatea diskurtso sendorik. Uste dut euren militanteak biziki gaitzituta daudela.

Bozkatu ahal izango da igandean?

Jendeak erabakiko du. Fiskaltzak polizia indarrei agindu die eskolak ez irekitzeko, baina Traperok ere esan zuen atzo, milaka lagun badaude hautesleku batean, proportzionaltasunari helduz, ezingo dutela esku hartu. Zer egingo du poliziak krabelinez jositako jende uholdeak eteteko? Tira, agian mesfidatu beharko genuke, baina…

Hitz egin dezagun Catalunya Si Que Es Pot-i buruz. Porrot egin du?

CSQP garai jakin batean jaio zen, korrika eta presaka, espazio berriak egituratzen ari zirenean, hain zuzen. Gure ekina ezinbestekoa izan zen garai horretan. Hori bai, bi urte pasatu dira, hiru astean Kataluniako gizarteko hainbat sektore goitik behera aldatu dira, eta, ondorioz, CSQPek horren guztiaren eragina jasan behar izan du. Kataluniak bizi duenak gainditu gaitu.

CSQPen okerrak ez betetzeko gelditu al da Podem Catalunya en Comutik kanpo?

Ezin ditugu dagoeneko kale egin duten espazio politikoen okerrak berriro errepikatu. Modu batean edo bestean, ezkerretik edaten dugun alderdiok elkarlanean aritzeko moduan egon behar dugu, bai ala bai. Baina iraganean kale egin duten praktika politikoak berregiteak ez du zentzurik. Guk argi dugu Xavier Domenech hurbilago dagoela guk eraiki nahi dugun subjektu politiko horretatik, beste hainbat praktika baino. Uste osoa dugu urriaren bateko erreferenduma pasata izango ditugun elkarrizketetan lortuko dugula abiapuntu bat.

Erreferendumerako Legea onartu zen osoko bilkuran, PSC, PP eta Ciutadans-ek Coscubielaren hitzaldia txalotu zuten; CUPek, berriz, txalotu egin zuen Angels Martinezek Espainiako banderak kentzea. CSQPeko tentsioak areagotzeko asmorik zegoen?

Oker ez banago, esango nuke guztiak txalotu ditudala PPko diputatuak salbu. Beraz, ez zait ondo iruditzen nork txalotzen zaituen begiratzea non zauden kokatzeko. Hori bai, egia da osoko bilkura hartan Joan Coscubielak jaso zituen txaloak, nire ustez, ez zirela hark esandakoagatik, baizik eta euren ustelkeriak estaltzeko. Hori da euren estrategia.

Azkenik, badago uste duenik independentismoaren hainbat sektorek ez dutela kontuan izan zuek Espainian erreferendumaren alde egin duzuen lana. Ados zaude?

Uste dut denetarik dagoela. Egunotan agerian gelditu da gure lanaren emaitza. Independentismoaren gehiengoak ulertu duela esango nuke, eta ospatu ere egiten du. Baina badago beste sektore bat, alderdi interesetan pentsatzen duena eta, beraz, gure kontra jokatzen duena. Zorionez, gehiengoak ulertu du gure jarrera, eta elkarrekin lanean ari gara kalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.