Ramon Ibeas. Arabako Caritaseko idazkari nagusia

«Ginen lekura itzuliz gero, pobrezia ez da desagertuko»

2016ko memoria aurkeztu dute Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Caritasek. Datu ekonomiko batzuek hobera egin arren, Ibeasek nabarmendu du ez dela iristen behar gehien dutenengana.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
2016ko lanaren memoria aurkeztu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Caritasek. Hala ere, zenbakietatik harago ageri den egoera aztertu du Ramon Ibeasek (Legazpi, Gipuzkoa, 1961), Arabako Caritas elkarteko idazkari nagusiak. Lana galdu dutenek merkatura itzultzeko duten zailtasuna nabarmendu du.

Artatutako familia kopuruak gora egin du beste urte batez Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian. Krisiaren ondorioak oraindik nabari al dira gizartean?

Bai. Artatutako pertsona kopurua igotzen dabil urtero-urtero krisi hasieratik. Horrek zer esan nahi du? Krisira erortzen direnak ez direla ateratzen. Jendeak ez du bere bizimodua bere kabuz ateratzeko aukera handirik oraintxe. Ez diogu buelta eman.

Orduan, oraindik ez da gainditu krisia?

Guk ez dugu ukatuko datu batzuk hobetzen ari direla, eta badirudiela gizartea krisia gainditzen ari dela. Baina krisi aurretik ere bazeuden hainbat familia behar handiekin. Hots, ginen lekura bueltatzen bagara, pobrezia ez da desagertuko. Bestalde, gure gizartean badaude pertsona eta familia batzuk krisiaren hobekuntza horiek jasotzen ez dituztenak. Egoera hobetzeko eredu aldaketa bat beharrezkoa da, eta horren usainik ere ez dago.

Zein izango litzateke eredu aldaketa hori?

Egun, bi esaldi nagusitzen ari dira gizartean. Batetik, gure seme-alabak gu baino okerrago biziko direla. Bestetik, hemen ez dagoela denontzat. Horren aurrean zer? Hori da galdera. Eztabaidatu behar dugu oso serioski zer lortu nahi dugun. Helburua bada gizarte hobea garatzea, erantzun batzuk izango dira. Baina helburua baldin bada etekin pertsonala lortzea, beste gizarte bat aterako zaigu. Bigarren horretan bizi gara, eta ez zaigu batere gustatzen.

Zein da Caritasek artatutakoen profila? Aldatu al da azken urtean?

Profila ez da aldatu, krisia behartsuek ordaindu dutelako. Behartsuak bazeuden krisi aurretik gure artean, eta orain lehen baino okerrago daude. Azkenean, profil nagusiak jarraitzen du izaten emakumea, bikotekiderik gabeko ama, langabea eta etorkina. Gero, beste profil bat areagotzen ari da: bertakoena. Langabeziarekin lotutako laguntzak agortu zaizkie bertako askori: Araban artatutakoen %30i, Gipuzkoakoen %31ri, eta Bizkaikoen %48ri. Krisia hasi zenean, ez ziren %10era iristen Araban. DSBE [diru sarrerak bermatzeko errenta] bakarrik gelditzen zaie, eta, batzuetan, pertsona horiek ez dituzte betetzen laguntza jasotzeko legeak eskatzen dituen baldintzak.

Lan merkatura itzultzeko zailtasunak dituztenak nabarmendu dituzue memorian. Zer dela eta sortzen da egoera hori?

Bi edo hiru urtez lan bila baina aurkitu ezinik dabilen jendea oso lur jota gelditzen da. Momentu horretan langabezia saria bukatzen zaio, eta DSBE eskatu behar du. Horrek dakar beren burua behartsu bat bezala ikustea. Askok eta askok amore ematen dute, eta dena uzten dute: ez dute lana bilatzen, ez dute laguntzarik jasotzen, eta hortik bazterketara pauso gutxi daude. Jendeak azken urrats horiek ez egiteko ari gara gu lanean. Hori baita gakoa; hortik pasatuz gero, lan merkatura itzultzea oso zaila da. Baina saiatzen gara eragozten, eta lortzen dugu, neurri batean.

Zer egiten duzue, zehazki?

Lehenengo, ateak ireki eta entzun. Pertsonek hitz egiten dutenean, euren arazoak plazaratzen dituzte. Pertsona bakoitzari bere bidea egiten laguntzen diogu. Izan ere, bakoitzak bere beharrak ditu, eta hobera egiteko bideak ere ez dira berdinak. Batzuk lan mundura bideratzen ditugu, baina badauzkagu beste batzuk, etorkinak adibidez, ez dakitenak ez gaztelaniaz, ez euskaraz. Esan behar zaie lehenengo urtean buru-belarri sartu behar direla hizkuntzak ikastera. Bestela, ez dago beste irtenbiderik.

Prentsaurrekoan nabarmendu duzu DSBEak ez duela balio gurean modu duinean bizitzeko. Zergatik?

Bi kontu argitu nahiko nituzke. Batetik, gure legedia soziala eta ondorioz dauzkagun laguntzak eta baliabideak Europako onenetakoak dira. Bestetik, alderatzen badugu jendea nola dagoen hemen —zailtasun asko izan arren— eta nola dagoen Espainiako beste leku batzuetan, hemengo aukerak eta laguntzak askoz zabalagoak dira. Baina ez dira nahikoak.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Politika Sozialetarako sailburuak esan zuen DSBEko dirua nahikoa dela bizitza duin bat izateko.

Ni ez nago ados esan zuenarekin, ez delako egia. DSBE izan daiteke laguntza bat egoera oso konplikatu batean putzu batetik ateratzeko, baina hori ezin daiteke bizimodua izan. Horrekin ezin da bizi.

DSBEari buruzko eztabaida hasi du Jaurlaritzak. Nola baloratzen duzue hasiera?

Eusko Jaurlaritzak proposamen bat jarri du mahai gainean. Baina prozesu bat da. Proposatu dituen gauza batzuk gustuko ditugu, eta beste batzuk, ez. Baina eztabaida horretan gu prest gaude gure ikuspegia mahai gainean jartzeko. Uste dut gizarte guztiak duela helburu bera: gaizki dagoen pertsonari laguntzea, hobeto egon dadin. Hor ados baldin bagaude, ez da gutxi.

Parte hartu al du Caritasek eztabaidaren hasiera horretan?

Jaurlaritzarekin bilera bat izan genuen. Proposamena aurkeztu ziguten legebiltzarrera eraman baino lehen. Gure ikuspegia plazaratu genion, eta berriro egingo dugu, beharrik bada; beti gaude gure iritzia emateko eta laguntzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.